- Baztango Udalak, ortzegunean egindako osoko bilkuran Baztango ostatu turistikoen azterketa egiteko 18.000 €ko kontu saila sortzea erabaki zuen, aho batez, hau egin ondotik, azterketa hori oinarri hartuta arauketa bat egiteko helburuarekin.

Azterketa egin ahal izateko aurrekontu moldaketa egiteko EH Bilduk aurkeztutako idatzian aipatzen da azkeneko urteetan ostatu turistikoen hazkundea gertatzen ari dela Baztanen, baina hazkunde hori bailarak egin nahi duen eskaintzari buruz gogoetarik egin gabe gertatzen ari dela.

Gauzak honela, ostatu turistiko batzuk alokairuko bizitegien kontura egiten ari direla ohartarazten da eta, horrek, bailarako ohiko bizitegi eskaintzan ondorioak dituela, etxebizitza izateko eskubidean zuzenean eraginez.

Bertzalde, ohatzeen soberako eskaintzak burbuila sor dezakeenaren kezka hor dago. Izan ere ohatzeen eskaintzak eta horri lotutako azpiegituren eskaintza ez da eskariarekin bat heldu.

Horregatik, herritarrei bizitegia izateko eskubidea bermatzeko eta ostatu turistikoen sektore ekonomikoak denboran iraun ahal izateko, ostatu turistikoen eskaintza arautzea beharrezkoa dela ebatzi du Udalak, eta etorkizunera begira lehen pausua egoeraren azterketa egitea dela iritzita, 18.000 €ko kontu saila sortu du udalak, egoera bideratzen hasteko.

Ortzeguneko osoko bilkuran ere, alarma egoerak baldin-tzatuta ohi baino beranduago, 2020ko plantilla organikoa onartu zen , aldeko 10 eta kontrako 3 bozkarekin (Navarra Suma). Aipagarriena, beharbada, musika eskolako 11 langileak plantilla organikoan sartu dituztela, eta neurria irailaren 1etik aitzinera hartuko dela, urtarrilaren letik hasita atzeraeraginezko ondorioarekin.

Bertzalde, pandemiak eragindako ondorioak arintze aldera Baztango Udalak azken hilabeteetan hainbat gastu gehigarri egin behar izan ditu, eta osoko bilkuran, gastu horiek erregularitzatzeko neurriak hartu ziren.

Egoera honetan Udalak covid-19k eragindako osasun-krisiarekin lotutako hainbat lan egin behar izan ditu, aurrekontuetan aitzinetik aurreikusi gabeko gastuekin, batez ere Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzari lotutakoak. Bertan, bi partida bereizi dira, batetik, egindako gastuak, 54.500,00 € guztira, tartean, gasturik aipagarriena Lekarozko campusean dagoen Aspaceren egoitza alokatzeagatik, 42.043,80 € ordaindu ditu Udalak. Izan ere, alarma egoera ezarri ondotik adinekoen egoitzan koronabirusaren agerraldia izan zenean, koronabirusaren frogan negatibo eman zuten 30 erabiltzaile baino gehiago Lekarozera eraman zituzten, eta hilabete eman zuten bertak oaterpean, guti goiti beheiti. Bertzalde, covid-19aren eraginez egindako inbertsioetara, guztira, 11.000 € bideratu dira. Azken hilabeteetan ere, bertze diru sail bat erabili da larrialdi egoeran, premian dauden familiak artatzeko, guztira 9.200 €. Beraz, denera, 74.700 € erabili dira hiru sail ezberdinetan. Gastuak erregularizatzeko, aurrekontu moldaketa egin behar izan da, eta beharrezko diru hori 2019ko kontuen gerakinetik hartuko da. Ekaineko osoko bilkuran Baztango Udalak 422.462,28 €ko gerakina onartu zuen, eta estatuko gobernuak kopuru horren %20a erabiltzea ahalbidetzen du, beraz, 84.492,46 € erabili ahal izanen lituzke Udalak, gerakinarekin nahikoa izanik.