Síguenos en redes sociales:

Ohi baino beranduago, baina aurten ere hemen da Sarako Idazleen Biltzarra

37. aldia beteko du gaur herriko kiroldegian ospatuko den kulturzaleen elkargune den ekimenak

Ohi baino beranduago, baina aurten ere hemen da Sarako Idazleen Biltzarra

- Aspaldiko urtetan erroturiko elkargunea da Sarako Idazleen Biltzarra. Aurtengoa apirilean ospatzekoa zen, baina jakina da data horietan ezin izan zela halakorik antolatu, koronabirusak eragindako egoera zela eta. Alarma egoera ailegatu zenerako dena prest zuten antolatzaileek eta penaz hartu behar izan zuten ekimena alde batera uzteko erabakia. Hilabete batzuk pasa dira, eta beharrezko osasun eta segurtasun neurriak hartuta, zorionez, biltzarra ospatu eginen da. Gaur da hitzordua, Sarako Idazleen Biltzarraren 37. aldia hartuko duen ekimena 10.00etatik 18.00etara ospatuko da Sarako kiroldegian.

Antolatzaileek aitzinatu dutenez, gaurkoan argitaletxe, idazle eta musikariek 96 mahai jarriko dituzte kiroldegian, bakoitzak bere lanak erakutsi eta saltzeko asmoz. Kiroldegira sartzeko 2 euro ordaindu beharko dira.

Parte hartzaileen kopurua apirilean aurreikusitakoaren parekoa izanen da, dena den, halabeharrez normalean baino toki gehiago beharko da azokarako, distantzia sanitarioa errespetatu ahal izateko, eta karpa bat gehiago jarriko dute. Azken urtean hitzaldiak eta mahai inguruak eta baita haurren txokoa ere hartzeko kiroldegiaren kanpoko aldean ezarritako karpaz gain, aurten bigarren bat ere jarri dute.

Azken urteotako joerarekin bat eginez, euskaraz idatzitako gero eta lan gehiago aurkeztuko dira edizio honetan ere. Lan berri aunitz aurkeztuko dituzte bertan, bertzeren artean Eric Dicharryren "Eros" edo Maddi Ane Txoperenaren "Ene baitan bizi da" lanak aipa daitezke. Gainera, Euskaltzaindiak Emil Larre euskaltzain emerituaren obrari eskainitako liburua aurkeztuko du. Musikari dagokionean, Behi Bideko Andere Xuriak (BBAX) taldearen azken diskoaren aurkezpena aipa daiteke. Liburu edota disken aurkezpenez gaindi, solasaldiak ere izanen dira, tartean, Euskarazko Wikipediaren ingurukoa.

Horrez gain, gazte literatura saileko irakurketa musikatuekin gozatzeko aukera izanen da Kiribil konpainiaren eskutik., eta Arantxa Leizagoienen margolan eta marrazki erakusketa ere ikusgai izanen da. Axuri'arte taldekoen eta bertze hainbat eskulangileren lanak plazan paratuko dituzte ikusgai eta salgai, eta gosea eta egarria asetzeko jan-edanik ere ez da faltako.

Urteroko eskaintza zabalaz gain, bi urtetik behin Sarako Idazleen Biltzarrak idazle edota sortzaileren bat saritzen du, eta aurtengoan bi izanen dira aitortza jasoko dutenak, baterik Marie-Jose Basurko urruñar idazlea, eta bertzetik Koldo Ameztoi arruetar ipuin kontalaria.

Publiko zabalari eskainitako biltzarraz gain, urtero, biharamunean profesionalei zuzenduriko eguna ere izaten da, baina aurten ez da halakorik egonen, alde batera utzi behar izan dute, bitzarraren data aldaketak ez bait zuen bat egiten parte hartzaileen ahalekin.

Bertzalde, lehenbiziko aldiz antolatu behar zen haur eta gaztetxoendako literaturari soilik zuzenduriko Ikusi Makusi azoka heldu den urtera arte gibeleratu da. Azken urteetan, haur eta gaztetxoei zuzenduriko dinamika handitzen ari zela eta, urrats berria egin nahi zen, baina ez da halakorik izanen.

Ordutegia. Sarako kiroldegian ospatuko da, 10.00etatik 18.00etara, sarrera 2 euroan dela.

Salmahaiak. Argitaletxe, idazle eta musikariek 96 postu jarriko dituzte.

Aitortza. Marie-Jose Basurko eta Koldo Ameztoi sarituko dituzte gaur.

37

ia lau hamarkada beteko ditu Sarako Idazleen Biltzarrak, aurtengoa 37. aldia da