Osasun larrialdian egonik ere, kultur ekitaldiek ez dute huts eginen Igantzin abenduan. Urtero bezala, zubia probetxatuz, egitarau zabala prestatu du euskara batzordeak, abenduaren 3an hasi eta 8ra arte.

Hasteko, gaur berean, abenduaren 3an Andoni Espartzak hitzaldia eskainiko du, Zazpiak bat, Euskal Herriko armarriaren historia gai hartuta. Hitzaldia Baratzondon izanen da, 19:00etan.

Abenduaren 4an, ortziralea, Eñaut Agirre eta Unai Agirre bertsolarien saioa izanen da, bertso jarrien inguruan. Auskalo zeinek jarriak emanaldia eskainiko dute, musikariek lagunduta, garai batean jarritako bertso ezezagunak plazara ekarriz. Emanaldi hau ere Baratzondon izanen da, 19.00etan.

Larunbatean, abenduak 5, Petti musikariaren kontzertua izanen da, 19.00etan, Baratzondon. Berako musikari handiak Manipulazio estrategiak bere azken diska aurkeztuko du.

Igandean, abenduak 6, goiz-arratsaldez izanen dira ekitaldiak. Hasteko, 12.00etan, herriko dantzariek eta kankailuek herri buelta emanen dute. Arratsaldean, 16.00etatik aitzinera, Ameli ipuinen jostuna ipuin kontalariaren saioak izanen dira. Osasun egoera dela eta, haurren adinaren arabera hiru emanaldi eskainiko dira: 16.00etan 3 eta 6 urte artekoentzat, 17.00etan 7 eta 9 urte artekoentzat eta 18.00etan 10 eta 12 urte artekoentzat.

Abenduaren 7an, astelehenean Idoia Torregarai eta Mirari Martiarenak Bakean dagoenari bakean utzi binakako bakarrizketa komikoa eskainiko dute, Baratzondon, 19:00etan. Lehendik ere eskainia dute emanaldi hau berriki Lesakan eta Arantzan, bietan ere arrakasta handiarekin.

Azken ekitaldia abenduaren 8an izanen da, asteartean 18.00etan, Baratzondon. Gaztetxoek Aukera gazteak pelikula ikusteko aukera izanen dute.

Euskara batzordeak herritarrak animatu nahi ditu garai triste hauetan kultur ekitaldietan parte hartzera. Emanaldietan, bistakoa denez, gaur egun legez bete behar diren aforoak eta distantziak errespetatuko dira, eta norberak maskara ekarrita, segurtasun osoz eginen dira ekitaldiak.

Abenduaren 3tik 8ra. Gaur Andoni Esparzak eskainiko duen solasaldiarekin hasi eta datorren asteartean Baratzondon emanen den gaztetxoendako pelikulara bitarte, egunero-egunero ekitaldiren bat (edo bat baino gehiago) prestatu du Igantziko euskara batzordeak aurten ere abenduko lehen egunetarako.