kusgarria izaten da beti Txurregi elurtua, Iruñeko harresietatik ikusirik, aste honetan bezala. Atzo, azkenean, hiria bera zuritu zi-tzaigun, abenduan bizpahirutan teilatuak doi-doi xuritu ondoren. Elurra gozagarri, "hiriko haurrak jostatzeko bedere pilota-ukaldika eta irrixtoan", idatzi zuen Larrekok 1928ko elurteaz. Adineko jendeak, dena den, 1945eko urtarrileko elurtea dauka gogoan, XX. mendeko handiena, ziur aski, metro erdi ingurukoa izan omen baitzen hiriburuan bertan. Elur-urtea gari-urtea dela erraten da, hau da, urte ona. 1945eko hartan ere halaxe pentsatzen zuen jendeak. Alabaina, bat-bateko hego-haize epelak elur guztia urtu eta ia ez zuen euri tantarik egin urte osoan. Alimaleko idortea etorri zen, joan den gizaldiko handiena, aunitzen iritziz; Iruñerriko bertako gari-uzta ia bere osoan galarazi eta iturri gehien-gehienak agorrarazi zituena. Ez da Iruñerrian horretaz ahantzi den laborari adinekorik. Aranguren ibarrean, konparaziora, ia iturri bakar batek eutsi zion emariari, "lamiturri" izenekoak. Hortxe dario oraindik ere izena eta izana galdu gabe, hau da, oparo hala neguan nola udan, gure eskualdeko errepide jendetsuenaren bazterrean. Elurra urtzearekin batera, elur jostetak aki-tzen direnean, murrizketen berri emanen digute, prest baitaude mahai gainean. Auskalo ausartuko ote diren ostalari-tza mugatzera, indar handia egiten baitu, kulturgin-tzak eta kirol afizionatuak nahiz eskola-kirolak ez bezala. Dena den, taberna batzuek, behinik behin, itxiera besterik ez dute merezi, gainezka egon baitira joan berri zaizkigun Eguberrietan. Gabonak buka-tzean, isildu egin da behingoan San Lorentzo elizako bozgorailu ozena. Hamaika mila gabon kanta zabaldu ditu parrokoak lau haizeetara hiru astean. Hori bai, denak hizkuntza berean eginak. Irakurleak, doike, aise asmatuko du zer hizkuntzatan.