- Otsailaren 13a Torturaren Aurkako Eguna dela eta, asteburu honetarako, bi ekitaldi antolatu dituzte Lesakan, eskualdeko errealitatea azaleratu asmoz, Egia ur azalera goiburupean.

Ortziralean, 19.00etan, Harriondoa Kultur Etxean solasaldia izanen da, Aitor-tzaren bila izenburupean. Bertan, alde batetik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak, eta bertzetik, emakume torturatuen testigantzak izanen dituzte mintzagai Amaia Izko abokatuak eta Izaskun Rekarte antropologoak.

Larunbatean 12.00etan, frontoiaren gibeleko aparkalekuan, Unai Ruiz margolariak eginiko muralaren oinetan, oroitzapen ekitaldia eginen da. Bertan, Mikel Zabalza, eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen kasuak lotuta, Bidasoa ibaiak zeharkatzen duen gure bailara honetako torturatu guztiak gogoan izanen dituzte.

Otsailaren 13an 40 urte beteko dira Joxe Arregi Espainiako Poliziak egindako torturek eragindako zaurien ondorioz Carabanchelgo kartzelan hil zenetik. Ordutik, data hau erreferente bihurtu da torturaren aurkako borrokan.

Eskualdean, 80ko hamarkadan Mikel Zabalzaren kasua izan zen sonatuena. Duela 13 urte, berriz, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketa eta torturek izan zuten oihartzun handia, baina hauez gain, zabalagoa eta isilagoa izan da urte luzez torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.