oxe Arregi Espainiako Poliziak egindako torturek eragindako zaurien ondorioz Carabanchelgo kartzelan hil zenetik 40 urte bete ziren otsailaren 13an eta torturaren biktimak gogoan izan zituzten egun berean Lesakan.

1980ko hamarkadan Mikel Zabaltzaren hilotza agertu zen Bidasoa ibaiko uretan, Endarlatsan, Lesakako eremuan. Duela 13 urte, berriz, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren atxiloketa eta torturek izan zuten oihartzun handia. Baina bi kasu nabarmen hauez gain, zabalagoa eta isilagoa izan da urte luzez torturak Bidasoaren inguruan utzitako arrastoa.

Torturaren Aurkako Eguna dela eta, asteburu honetan, bi ekitaldi egin dituzte Lesakan, eskualdeko errealitatea azaleratu asmoz, Egia ur azalera goiburupean.

Ortziralean, Harriondoa Kultur Etxean solasaldia izan zen, Aitortzaren bila izenburupean. Bertan, alde batetik, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuak, eta bertzetik, emakume torturatuen testigantzak izan zituzten mintzagai Amaia Izko abokatuak eta Izaskun Rekarte antropologoak.

Larunbatean, eguerdian frontoiaren gibeleko aparkalekuan, Unai Ruiz margolariak eginiko muralaren oinetan, oroitzapen ekitaldia egin zen. Bertan, Mikel Zabaltza, eta Mattin Sarasola eta Igor Porturen kasuak lotuta, Bidasoa ibaiak zeharkatzen duen bailara honetako torturatu guztiak gogoan izan zituzten. Txalaparta, Eneko Fernandezek egindako bertsoen eta Anje Duhaldek Gurutze Iantziri eskainitako Irtenbiderik ez kantuaren musika doinuekin batera, Zabaltza, Portu eta Sarasolaren senideek beraien testigantzak plazaratu zituzten.

Unai Ruizek Egia, ur azalera margolanaren nondik norakoak azaldu zituen eta Errekak ez duelako dena eramaten, ez dugulako ahazten, egia atera dezagun ur azalera zioen oroigarri bat ere azaldu zuten. Bertan, "Mikel Zabaltza 1985ean atxilotua, Bidasoan agertu zen gorpua ur geldien isiltasunean; Igor Portu eta Mattin Sarasola, 2008an atxilotuak Aramaioko ur bizien bazterrean torturatuak" esaldiak irakur daitezke, baita Baztan-Bidasoaldean torturak salatu dituztenen kopuru latzak ere: "Baztanen 22, Malerrekan 10, Bortzirietan41 eta Behe Bidasoan 73".

Ekitaldi hunkigarria bukatzeko, Aurreskua dantzatzeaz gain, eskualdean tortura sufritu duten horietako batzuk lore-eskaintza egin zuten Mikel Zabaltzaren argazkiaren ondoan.

Idoia Zabaltza, Mikelen arrebak gogoratu zuenez, "35 urte dira Mikelen, gure anaiaren gorpua Bidasoako uretan agertu zela, guardia zibilak atxilotu eta 20 egun desagertuta eman eta gero. Urrun ditugu gertakizunhaiek baina oso presente sorrarazi zizkiguten sentipenak: nahasirik izan ginen desagertuta egon zen bitartean, informazioak kontrajarriak zirelako; hunkiturik gizarteak Mikel agertzea exijitzeko emandako erantzunagatik; hondaturik haren gorpua agerrarazi zutenean; sumindurik gezur bakoitzarekin. Urte hauetan guztietan huts egin dute Mikelen heriotza epaitegietara eramateko izan ditugun saiakera guztiek eta ezin izan dudu frogatu Intxaurrondon bertan hil zutela jasandako torturengatik". Orain justizia izateko aukera areago murriztu dela adierazi zuen Zabaltzak, "baina aldi berean egia jakiteko atea zabal dezakegu, eta argi dugu noizbait argitzea nahi badugu ezinbestekoa dugula ahantzirik ez uztea eta gertatutakoa gogoan edukitzea. Horregatik dira garrantzitsuak honelako iniziatibak".