alestarren orubeko kultur gune berrian egonen da ikusgai Ciga pintorearen erakusketa iraunkorra, Udalak aste honetan aditzera eman duenez. Pintore bikaina 1960ko neguan zendu zenean, Dormitaleriako euskal kazetari oparoak hitz batzuk moldatu zituen hiriko Pregón aldizkarian: "Hil da Iruñean Ziga´tar Xabier margolari ospetsua... prestua. Eusko-susmetan, zaina, jator; usna, zolia; eskua, trebe. Irakasle eta irakaslaria, ikasliar aunitz hazi baitzituen bizialdian. Gazte garaietan, zazpi kartel egin zituen beste horrenbeste Sanferminetarako. Gero, Madrilen egotea eta Parisen gertatu zitzaion. Eusko aireko margogintzan goieneko maila Nafarroan zuen erdietsia, baita eskola horren nagusitza legez atxikia ere". Bada, Jose Agerrek aipatutako "eusko" hori nekez ikusiko dugu Cigari buruz erdaraz moldatzen diren idazkietan. Garai batekoetan, bai. Oraingoetan, ez, ordea. Erran nahi baita, Cigaren euskal sentimendu hori, euskal izaera hori, euskal nortasun hori, ez da batere aipatzen edo gero eta gutxiago, urteak igaro ahala. Udalak eta hedabideek aste honetan berean emaniko albistean ez da gisakorik batere ageri, ezta Nabarreriako artistak gerra garaian pairatutako tortura, espetxealdi eta sufrimenduak ere. Horrenbertzez, Ciga Fundazioak gogotik egin beharko du lana Cigaren bizitzan eta obran hain funtsezkoa izaniko eta egun ezkutatu nahi duten euskaltasuna erakutsi eta nabarmentzeko. Horixe ere izan baitzen haren alaba Gurutzeren nahia. Konparazio batera, duela 6 urte, Cigaren margolan sorta bat Baionan ikusgai jarri izanaren karira, Sud Ouest egunkariko kazetari batek galdera hau egin zion Gurutzeri: "zer sentitzen duzu ikustean zure aitaren lana aintzat hartu dela nazioartean, atzerrian?" Eta alabak erantzun: "Baionako erakusketa hau ez da atzerrian egiten ari, Cigaren herrialde berean baizik".