lde Zaharreko bizilagunen azken mende erdiko ekimen, aldarrikapen, mugimendu eta proposamen nagusiak jarri dira ikusgai karrika Nagusiko Plazara! gunean, auzoko jendeak berak testu eta argazkien bidez txukun antolatua. Begirada iraganean pausatzea beti izaten da oroimen-ariketa polita, nahiz eta, maiz, oroimina agertzen zaigun, batez ere denboraren joanean galdutako jende ezaguna gogora datorkigunean. Horietarik zenbait ageri dira erakusketa horretako argazkietan. Irudi batean, hantxe, German, zezen-plazako lorategiak kentzearen aurkako karrikadantzan, 70eko hamarkadaren erdian. Oroitarazten da Alde Zaharreko jendeak bainu publikoak eskatu zituela, eta azkenean, Udalak Eslaba karrikan paratu zituela, edo osasun etxea Konpainia plazan jar-tzeko aldarrikapen hura, agintariek eskaera ontzat jo zutena. Gogorarazten da, bertzalde, eraikuntza hori "Centro Mariano" izan zela luzaroan, bai eta Orimendi mendi-elkartearen egoitza ere. Eta 78ko Sanfermin Txiki gogoangarriak ageri dira; eta Mañuetako pilota txapelketak; Gazteluko Plazapeko aparkalekuaren inguruko mugimendua; entibadora izeneko makinaren jarduna; Euskal Jai pilotalekuaren akabera tristea, bertako Gaztetxea suntsitzearekin bat; D eredua San Frantzisko Ikastetxean paratu izana eta bertze. Mende berriarekin batera, hurrenez hurreneko udal gobernu taldeek (salbuespenak salbuespen) ezarritako debekuak nabarmentzen dira, azkena izan ezik, erakusketa lehenagotik prestatua baitzegoen, hots, ez dela peñen aurtengo kartelik erakutsiko toki horretan, Udalak debekaturik. Erran izan da pandemiak gizon-emakume hobeak eginen gintuela. Ez dakit, ba. Udal arduradun aunitzek lagun hurkoa izorratzea izan zuten eginkizun pandemia aitzinetik, eta bere horretan diraute. Izorratzailea zenak izorratzaile baitirau, are izorratzaileago bihurtu ez bada. Pasatu uda on.