Nafarroako Gobernuak Baztango Pertalats eta Utsalea parajeetan kokatutako 14.653 m2 herri-lurren desafektazioa onartzeko akordioa hartu du berriki. Herri-lur horiek 25.819 m2-ko jabetza partikularreko bertze lursail batekin trukatuko dira. Jarduerak elkarrekiko interesa du, izan ere, Udalak lursail bat lortuko du Erratzuko sarreran, aparkaleku bat eraikitzeko, eta haraneko komunala handituko du. Bertzalde, partikularrak, lursail berean bilduko ditu bere jabetzak.

Erratzuko herri sarreran egin nahi den aparkalekuak, azken urteetan herrian aunitz hazi den bisitari kopuruak eragindako egoera erregularizatzea du helburu. Bisitari igoeraren ondorioz Baztango Udalak eta Erratzuko herriak hainbat neurri hartu behar izan dituzte azken aldian. Hasteko, herritarrek herritik Xorroxingo ur jauzirako bide berri bat egokitu zuten auzolanean, eta hala, Gorostapoloko ohiko bidea alde batera utzi eta Gorostapoloko auzoan eta Erratzuko erdigunean kotxe pilaketak, saihestea lortu zen.

Gorostapolora ez ezik, Inarbil auzorako sarbidea ere debekatu zen eta herriko sarreran dagoen Ubidea etorbidean behin behineko aparkaleku bat egokitu zen bisitariendako. Aparkalekua egokitzeaz gain, hainbat langile kontratatu dira goi denboraldian, trafikoa erregularizatzeko.

Nafarroako Gobernuak onarturiko desafektazioarekin, behin betikoa izanen den aparkalekua eginen da eta horrela, herrira datozen bisitari kopuru handiak eragindako egoera erregularizatzea lortu nahi da.

GIZARTE PROIEKTUAK Baztango Udalak, Tokiko Batzordearen bidez, Baztanen gizarte proiektuak eta jarduerak garatzen dituzten talde, kolektibo eta irabazi asmorik gabeko elkarteak diruz laguntzeko erabakia hartu du. Aurten diru laguntza jasoko duten talde edo kolektiboak hauek dira: Ademna 1.719,78 euro; Anfas, 3.018,76 euro; Bidelagun, 3.150,49 euro; Elikagai bankua, 3.177,93 euro; Harremanak, 1.710 euro; Asorna, 1.363,65 euro; Anasaps, 2.067,39 euro.