oka luzea ekarri du Adaneroren semeari egindako erasoak. Hura Gaztelugibelen gertatu zen, eta alkateak hasieran erran zuen inguru hartan ez zela segurtasunik herritarrendako, baina inguru hartan bakarrik. Gero, egunen joan-etorrian, arazoa puztu eta bertze munta bat eman nahi izan dio aferari, inork lagundu gabe iristen diren etorkin nerabeak behin eta berriz ituan jarrita. Horrek, jakina, boto olde handia ekarriko diolakoan edota azken bozetan eskuratutakoei eusteko balioko diolakoan, ia gehiengo osoa erdiesteko adina boto bildu baitzituen. Hori ere ez dugu atzendu behar, hiria horrelakoa baita eta ez guk nahiko genukeen bezalakoa. Gainera, ez du deus eskain-tzeko, hau da, hiriburuko gobernu taldea erreka joa dago, ez dio deus onik ekarri hiriari, ezta boto-emaile eskuindarrei ere (euskararen kontrako neurriek eraginen zieten poz handiaz landara). Beti izan dira Iruñean segurtasun arazoak, handiagoak edo txikiagoak, belaunaldi bakoitzak ederki dakien bezala. Iraganeko kontuak dira Txantrea, Sanduzelai eta Motxuelo aldeko bandak eta makarra-taldeak. Zona Nazionalean, berriz, saldoka zebiltzan errege Kristoren gerrillariak lagun hurkoaren lepa-hezurra hausteko gogoz. Zaldi zuriaren atzaparretan eroritako zenbaitek aise ateratzen zuten labana destenorez zoko-moko ilunetan, dela Gaztelugibelen, dela Takoneran, dela Alde Zaharrean. Auzo berean, kale borrokaren hondarretatik ateratako bizpahiru talde iskanbila-tsu ibili ziren duela zenbait urte ukabilkadaka bazterrak nahasten. Hortaz, gaur egun ere bada segurtasun arazorik. Hori ez da ukatu behar, baina puztu ere ez. Alkateak bere esku dauka udaleko gizarte zerbitzuak indartzea eta langile gehiagoz hornitzea. Polizia-bide hutsa alferrekoa baita. Eta, jakina, inork ez luke afera hori bere onura politikorako erabili behar. Hori ere alferreko desioa da, ordea.