Heldu den asteartean, martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu osoan, baita Baztanen ere. Ospakizunez gain, aldarrikapenerako ekitaldirik ez da faltako aurten ere bailaran. Baztango Berdintasun Batzordeak, Baztango Mugimendu Feminsitarekin batera hainbat ekitaldi antolatu ditu ondoko egunetarako.

Hasteko, igande honetan 19.00etan Elizondon, Arizkunenea kultur etxeko sabaian, Baztango Udaleko Kultura Zerbitzuaren eskutik, AMAK taldearen emanaldia izanen da. Musikaren munduan ibilbide luzea egin duten lau emakumek osatzen dute AMAK: Amaia Orejak, Maixa Lizarribarrek, Alaitz Telletxeak eta Kristina Solanok.

Gainera, gaur berean, kasu honetan Beran, 18.00etan, Emakumeen Nazioarteko Eguneko eskualdeko mobilizazioa eginen da, Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista, gure garra lelopean. Merkatu plazatik abiatuko da mobilizazioa, eta Baztandik ere dei egin dute bertan parte hartzera. Goizean mendi itzulia eginen dute, gero bazkari autogestionatua, lelo lehiaketa, eta ondotik manifestazioa. Akabailan, aldiz, musika kontzertu bat ere izanen da.

Baztanera itzuliz, asteartean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, 19.00etan elkarretaratze bat eginen dute Elizondoko Foruen Plazan, eta gero kalejiran joanen dira Baztango gaztetxera, han berendu afari autogestionatu bat egiteko.

Aitzinera begira ere izanen da bertzerik. Martxoaren 15etik apirilaren 1era Emakumeak eta zainketak: Iruñeko beste argazki memoria bat izeneko erakusketa ikusgai egonen da Arizkunenea kultur etxean Berdintasun Batzordeak antolatua.

LIBURUTEGIA Baztango liburutegi publikoan ere hainbat ekintza izanen dira martxoaren 8aren inguruan. Astelehenean, martxoaren 7an, Indarkeriarik kontsumitzen dugu? Izenburua duen erakusketa ikusgai jarriko da. Liburutegiko ordutegian bisitatu ahal izanen da martxoaren 18ra arte. Indarkeria matxistaren eta kontsumoaren inguruko erakusketa bat da, Setem erakundeak, Arropa Garbien kanpainako jardueren barnean antolaturikoa. Pasa den urritik Nafarroako herri desberdinetan ikusgai egonen da eta Baztango erakusketaren ondotik bere ibilbidea jarraituko du, apirilaren 29ra arte.

Myriam Cameros artista nafarraren panelak eta Setem elkartearen gogoetak biltzen ditu erakusketak, arazo estruktural eta sistematikoa izan arren, normalean ikusezin eta normalizaturik dauden kontsumoa eta indarkeria matxistaren arteko harremanak ezagutzeko.

Erakusketaz gain, martxoaren 16an 17.30etik 19.30era Emakumeak fabrikatzen bideo-foruma ere burutuko da liburutegian. Interesatuek izena eman beharko dute martxoaren 15a baino lehen.

Eta martxoaren 18an haurrei bideraturiko ekitaldi bat izanen da. Laika, beldar ausarta izeneko kamishibai antzerkia eta tximeleta tailerra eginen dituzte bertan, 17.000etan. Tailerra 4-9 urte bitarteko haurrei zuzendua dago eta plazak mugatuak izanen direnez martxoaren 17a baino lehen eman beharko da izena.

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA Bertzalde, Baztango Udalak, bere azken osoko bilkuran aho batez adierazpen instituzional bat onartu zuen, Kontziliaziotik zaintza erantzunkidera; eraldatu irtenbidea aurkitzeko lelopean. Udalak agerian jarri nahi izan zuen zaintza-lanek duten garrantzia herritarren garapen eta ongizaterako, eta zaintza lan horren harira, hainbat konpromiso hartu zituen Udalbatzak onartutako mozioaren bidez: batetik, toki-esparruan zaintzaren inguruko ikuspegian aldaketak sustatzen dituzten politika publikoak bultzatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aitzinera egiteko; bertzetik, bizitzaren jasangarritasuna ahalbidetzen duten zaintza-lanak ikusarazi eta balioestea, eta sexuaren araberako lan-banaketa indartzen duten rolen eta estereotipoen eraldaketa azpimarratzea; eta azkenik, mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana aitortzea.