Goizean goizetik mugimendu handia sumatzen zen ortzegun honetan Zugarramurdin. Euskal Herriko txoko guztietatik mantxo-mantxo hamarnaka gazte hurbilduz zihoazen herriko pilotalekura, beren motxila soinean. Batzuk autoz ailegatuak, gehienak autobusez. Ernai gazte erakundeak BostEHun eta Zutik! lelopean egin beharreko gazte martxa hastear zen. Pixkanaka-pixkanaka multzoa handitu zen, frontoia leporaino bete arte. Mila gazte baino gehiago, martxari ekiteko prest. Altxaferoa bota eta, iragarri baino beranduago bazen ere, abiatu zen amaigabea zirudien tropela. Ilusioa, urduritasuna eta gogo bizia zeramaten denek motxilan, bi urteren ondotik, azkenean gazte martxa errealitate bilakatua zen.

Eguraldi iluna argiztatu zuten gazteek Otsondon goiti. Kaxkora ailegatu eta bazkaldu ondoren Amaiurrera abiatu ziren, gaztelu zaharraren azpiko belaian era ordenatuan kokatuz. Denak prest egon zirenean aurreikusitako ekitaldia egin zuten bertan.

Kantu baten ondotik, Juantxo Agirrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak eta Ane Alava Ernaiko bozeramaileak hartu zuten hitza. Agirrek Lauaxeta ekarri zuen gogora Amaiur gaztelu baltza olerkiari aipu eginez, “duela 500 urte 200 gudari oso suminek aurre egin zioten konkista bortitz bati”. Dena den, memoria horrek bizirik iraun duela azpimarratu zuen, gogora ekarriz duela 100 urte monolitoa eraiki zutela, frankismo garaian “memoria ezkutuan, sasi artean gorde nahi zutenek eraitsi zuten”, gerora herriak berriz 1982an zutik jarriz. Azken 17 urteetan Aranzadik, Amaiurko herriarekin bat eta Euskal Herri osotik etorritako gazteen laguntzaz gaztelua lur azpitik ateratzea lortu zutela ere gogora ekarri zuen, lehenagoko harresi zaharrak eta garai hartako erresistentziaren aztarnak ateraz. Garai hartako erresistentzia eta kemena goraipatu zituen, baita memoria ere, “Euskal Herriko memoria tokia dugu hau, baina memoriak belaunaldi berriak behar ditu eta zuek zarete belaunaldi berri hori, beraz, aurrera segi zuen bidean, beti askatasunaren atzetik eta bizkor”.

Ane Alavak, bere aldetik, aitzinera jo jarri nahi izan zuen, gibelera begiratuz. Gazte Martxaren leloa gogoratuz, BostEHun eta zutik, aipatu zuen 500 urte pasa direla Amiaurko setioaz geroztik, bertze behin herri nafarra altxatu zenetik, 500 urte herri borrokalari baten kokaleku eta ikur bilakatu zenetik, “nafartasunaren eta askatasunaren ikur izaten jarraitzen duen herri honetan ehunka gazte independentista batu gara gaur eta gaztelu berri bat eraikitzera gatoz”. Etorkizunera begira jarrita gazteriaren asmoak ozen aldarrikatu zituen “500 urte eta zutik jarraitzen dugu eta zutik jarraituko dugu Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna lortu arte. Zugarramurditik Amaiurrera, Amaiurtik Erratzura, Erratzutik Elizondora. Nafar lurrak hartu eta gazte independentiston topaleku egingo ditugu, zutik gaudelako!”.

Bertso batekin akitu zuten ekitaldia, eta tropelak Erratzurantz jarraitu zuen, han gaua pasatzera. Ortzirale honetan Erratzutik Elizondora jarraituko du Gazte Martxak, eta bi egun eta gauez hitzaldiak, tailerrak eta musika jaialdiak uztartuko dituzte.