Duela hilabete batzuk Baztango emakume eta gizonen berdintasunerako I. Planaren ebaluazioa egin zuten Baztanen, eta ariketa hori baliatu zuten aitzinera begira erronkak identifikatzeko.
Lan-prozesu horren ondorioz, Baztango Udalak eta Berdintasun Batzordeak Baztango emazteki* eta gizonen* berdintasunerako I, planaren ebaluazioa izeneko txostena aurkeztu dute, prozesu horretatik ateratako ondorioak jasotzen dituena.
Gogora ekarri nahi izan dute prozesu hau ez dutela bakarrik egin. Ordezkari politikoek, udaleko hainbat teknikarik, herriko mugimendu feministak, bai eta hainbat emaztekik hartu dute parte hausnarketetan. Aipamen berezia merezi dute, bizi duten egoera zailarengatik, nekazal guneetako emaztekiek eta emazteki migratuek. Horrez gain, egindako herri batzarrean baztandarrek egindako hausnarketak txertatu dira txostenean.
Txostenak aipatutako prozesuaren emaitzak biltzen ditu eta sei ataletan dago banatua: sarrera, marko arautzaile, metodologia eta emandako urratsak, planaren ebaluazioa, Baztango egungo egoera, eta azkenik, ondorioak.
Planaren betetze maila eta egokitasuna aztertu dituzte informazio kualitatibo eta kuantitatiboen bidez. Bertzetik, egun Baztanen emazteki eta gizonen arteko bereizkeriak identifikatu dituzte, hauek ere datuetako analisiaren eta talde elkarrizketetako bizipenen bidez jasoaz.
Ondorioa garbia dela diote, Baztanen badago oraindik emazteki eta gizonen berdintasuna sustatzen segitzeko aukera eta beharra.
Behar horri gehitu behar zaio Nafarroan eta Estatuan hondar urteetan eman den marko arautzailearen garapena. Baztanek, 2022ko akaberarako, Nafarroako Berdintasun Legearen arabera, Berdintasun Plan berri bat izateko betebeharra izanen du Nafarroako Berdintasunerako Plan Estrategikoa onartzen den momentutik.
Txosten hau egiteko prozesuan zehar, emazteki eta gizonen berdintasuna sustatzeko nahia adierazi duten herritarrak bildu dira, eta udal teknikariek gaia lantzeko denbora hartu dute.
Hartutako denborari esker, iragana baloratu eta etorkizunean pentsatzen paratu dira eta aitzinerat begirako erronkak identifikatzen hasiak dira ebaluazioan parte hartu duten eragileak. Udal barnean, nahiz Baztango herrietan, I. Berdintasun Planaren ebaluazioak “berdintasuna” agenda publikoan paratu du.
Gauzak horrela, iduri du aukera badagoela Baztango II. Berdintasun Planari heltzeko.
Beraz, orain, II. Berdintasun Planaren zirriborroa jendartearekin kontrastatzeko tenorea heldu da. Horretarako heldu den maiatzaren 7an, 10.30etik 13.30era Arizkunenea kultur etxean hurrengo urtetako plangintza estrategikoa kontrastatu eta osatzeko asmoz lan saio bat eginen dute. Berdintasuna ehuntzeko bidean, jendeari parte hartzeko dei egiten diote, denek dutelako zer erran eta zer egin.
Honi buruzko informazio guztia eta Baztango emazteki eta gizonen berdintasunerako I. planaren txostena Baztango Udaleko webgunean dago eskuragai.
ZINEGOAK Baztango Berdintasun Batzordetik Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunean, LGTBI+ kolektiboaren errealitateak ezagutzeko eta sexu eta genero aniztasuna balioan paratzeko jarduera bat antolatu du.
Apirilaren 26an izanen da hitzordua, 18.00etan Arizkunenea kultur etxean. Kulturaren bidez aniztasun eredua hedatzea eta herritar guztiei erreferenteak eskaintzea da helburua, eta LGTBIQ+ edukiak dituzten 5 film labur ikusteko aukera izanen da, Zinegoak jaialdiak eskaintzen dituen ikus-entzunezko edukiak aprobetxatuz.