AMAIUR

2022. urte hau arras berezia da nafarrendako, oro har, eta amaiurtarrendako partikularki. 500 urte betetzen dira Nafarroako erresumaren defentsan Amaiurko gazteluan gotortu eta 200 gudarik gaztelarren erasoari aitzin egin ziotenetik.

Urteurren berezi honen harira, ekitaldi ezberdin aunitz egiten ari dira herrian, errate baterako, Ernaik BostEHun eta zutik! Lelopean antolatutako gazte martxak ekitaldi ikusgarria egin zuen apirilean; hilabete berean ere Asisko Urmenetak egindako Amaiur Libera State komiki liburua aurkeztu zuten; ekaina hasieran Amaiuraldia besta eta aldarrikapen egun jendetsua burutu zuen Nafarroa Berriz Altxa ekimenak; hurrengo astean Anitz urtez Amaiur ekitaldia ospatu zuten 50 eta 40 urte betetzen zituzten hainbat elkartek, Arturo Campion euskaltegiak, Iruña Dantza Taldeak, Jarauta 69 txarangak eta Amaiurko Gaztelu Elkarteak, gainera, Amaiurko Sokatira Taldeak sokatira torneoa eta gaupasa ere egin zituen egun berean.

Ondoko hilabeteetan ere izanen da non josta. Pasa den astean Iruñean emandako prentsaurrekoan urteurreneko ekitaldi nagusiak aurkeztu zituzten, uztailaren 16an eta abuztuaren 6an eginen direnak.

Dena den, ez dira azken ekitaldiak izanen. Herri Existentzia ekimenak uztailaren 9rako Amaiur, erresistentzia ikur izeneko jardunaldia antolatu du. Egun osoko egitaraua antolatu dute. 10.00etan elkartuko dira herri sarrerako gurutzean, eta goizean zehar, antzerkia, bertsoak edota solasak partekatuko dituzte. Eguerdian, monolitoan ekitaldia eginen dute eta gero bazkaria. Gero, 17.00etatik aitzinera kontzertuak izanen dira Lur barnea eta Aho zakil konekxion taldeekin. Bazkarirako txartelak herriexistentzia@gmail.com helbidera idatziz eskura daitezke. – F.A.G.