Euskara, hizkuntza eta kultura aniztasuna ardatz hartuta, azken aldian Euskal Herriko bertze tokietatik, eta Espainiatik, Nikaraguatik eta Hondurastik Arantzara bizitzera joan diren hamar herritarrei ongietorria egin zieten joan den astean Herriko Etxean. Eurekin batera, hainbat ordezkarik eta herritarrek parte hartu zuten hitzorduan. Elkarren berri izan eta esperientziak elkartrukatu zituzten. Kattin Madariaga bertsolariak kantatutako bertsoekin eman zioten hitzorduari hasiera. Dabid Iturria alkateak euskara eta herri euskaldunak izan zituen hizpide eta bertaratuei euskara eta euskal kulturara hurbiltzeko gonbita egin zien. Rosa Maiz eskolako irakaslea, berriz, haurrek euskara ikastearen garrantziaz eta eskolako martxari buruz aritu zen. Leire Mitxelena Bortzirietako Euskara Mankomunitateko lehendakariak mankomunitatearen egitekoa zein zen esplikatu zien bildutakoei, eta horrekin batera, mankomunitateak euskara ikastea %100ean diruz laguntzen duela nabarmendu zuen. Gonbidatuek ere hitza hartu zuten. Guztiek aipatu zuten Arantzan gustura daudela eta euskara eta euskal kulturarekiko interesa adierazi zuten. Urko Ikardo euskara teknikariak, berriz, euskararen inguruko informazioa eta eman zien. Bukatzeko, merienda egin zuten. Bortzirietako Euskara Mankomunitateak aitzindu duenez, urtean behin gisa honetako saioak egin nahi dituzte.