Nafarroako adinekoen egoitzetan lan baldintza duinak eskatzeko bidean bortz eguneko greba burutzen ari dira egoitzetako langileak, eta hainbat mobilizazio egiten ari dira aste honetan zehar. Astearte honetan, erraterako, Elizondon, Francisco Joaquin Iriarte egoitzako langileek elkarretaratzea egin zuten egoitza aitzinean. Ratio egokiak eta erabiltzaileen beharrak asetzeko behar den denboraren araberako lan erritmoak, gaur egungo egoera ekonomikoaren araberako lansariak eta mendekotasuna duten pertsonei laguntza integrala emateak eskatzen duen profesionaltasunari egokitutakoak, eta atsedenerako eskubidea errespetatzen duten urteko lanaldiak eskatzen dituzte. Ortziralean 17.30ean Iruñeko Miserikordiatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia ere luzatu zuten.