Baztango Udalak eta Oinherri, Herri Hezitzaileak sustatzeko elkarteak lankidetzarako prestutasuna azaldu dute 2023rako ere. Herri Hezitzaileen filosofiaren baitan, “Kerizu beretik” egitasmoak buruturiko lan edo dinamika desberdinak abiapuntu gisa hartuz, herri hezitzailearen egitasmoaren fase berri bat abiarazteko nahi eta ilusioa omen daude Baztanen. Gogo horri bide emateko, hezkuntzaren arloa modu zabal batean landuko duen elkargunea osatzea erabaki dute, Baztan osatzen duten ikastetxeak, guraso elkarteak, udala eta herrigintzako eragileak protagonista izanen dituena. Behin elkargunea osatua, berau sustatuko duen talde eragile bat egituratuko dute, Baztan herri hezitzailea egitasmoan sakontzeko.

Baztan hezitzaile baterako zorua adostu eta, hezkuntzako hainbat eragileren arteko estrategia partekatu bat eraikitzea da helburua. Hezkuntza bere osotasunean, modu integral batean lantzeko, Baztango hezkuntza komunitatea saretzeko, eta herri gisa hezkuntzarako estrategia bat adosteko. Baztanen herri hezitzailean eragiten ahal duten eragile nagusiekin diagnosi partekatua egitea da asmoa: erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatua definitzeko. Honetarako, Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak dinamizazio lana eta laguntza eskainiko dio prozesuari.

Su motelean eginen den egitasmoa izanen da hau, denon erritmoak errespetatuz eta. Honetarako, hiru batzar eginen dira eta bakoitzean dinamika parte hartzaileak proposatuko dira, gero komunikazio lana egin eta jasotakoa herrian sozializatzeko. Hiru saio hauek 2023ko urtarriletik apirilera bitartean burutuko dira, 2023/24 ikasturtetik aitzin elkarrekin adostuko duten plangintza martxan jartzeko asmoarekin

Lehenbizikoan diagnosi partekatua eginen dute, otsailaren 2an. Hezkuntza modu integral batean ulertuz Baztanen dagoeneko burutzen diren egitasmoak zerrendatuko dituzte. Egitasmo hauek aitzinerat eramaten lan egiten duten eragileak identifikatu eta euren arteko elkarlan edota sinergiak aztertuko dituzte, indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, erronkak definitzeko.

Martxoaren 2an eginen den bigarren saioan Hezkuntzarako herri estrategia izanen dute hizpide. Herri hezitzailearen filosofiak, hezkuntzatik herri estrategia aberasteko ematen dituen aukerak mahai gaineratuko dituzte. Herri bezala, ipar konpartitu bat eraikiko dute hezkuntzatik. Horretara ailegatzeko elkarrekin dituzten erronkak definituz eta lehentasunak adostuz.

Hirugarrenean, apirilaren 20an, Plangintza partekatua landuko dute. Baztango hezkuntza elkargunea ezaugarrituko dute, aitzineko batzarrean definitutako ipar partekaturantz joateko, guzien elkarlanerako gunea izanen den kontseiluari forma emanez. Hezkuntza kontseilua sustatuko duen talde eragilea osatu eta ezaugarrituko dute: elkargunea, maiztasuna, funtzionamendua, elkarrekin egiten ahal dituzten ekintzak eta baliabideak identifikatuz. 2023/24 ikasturtean martxan hasteko plangintza partekatua definituko dute.