Baztan, Malerreka, Bertizarana eta Bortziriak eskualdeko zazpi ekoizlek Lurretik ikasiz proiektua aurkeztu dute, elikadura ekoizpena eta hezkuntza uztartzeko asmoz.

Azarotik aintzin eta ekaina bitarte, ekoizle talde honek haien etxaldeetako ateak irekiko ditu, lan egiteko duten modua zonaldeko ikastetxeetako haur eta gazteei erakusteko. Proiektua, ikasgeletan lantzeko prestatu duten material didaktikoarekin osatzen da. 

Pixkanaka gizartea natura eta elikagaien ekoizpenetik geroz eta urrunago dagoela ohartuta, azken urteetan eskualdeko hainbat irakasle eta herritarrek zerbait egiteko gogoa adierazi izan dutela aipatu zuten arduradunek aurkezpenean. 

Oinarrirat itzultzeko behar honek bultzatuta, Haur Hezkuntzako bigarren ziklora, Lehen Hezkuntzara eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo ziklora zuzendutako eta nagusiki hiru gai jorratzen dituen material didaktikoa prestatu dute: elikadura ekologikoa edota iraunkorra, nekazaritza eta abeltzaintza. Jaten dugunaren gibelean dagoena ikustarazteaz gain, ekoizpen mota hau balioan jartzea ere bilatzen du proiektuak. Hori guztia, emakumeak baserrian historikoki izan duen papera eta, gaur egun, nakazaritzan, abeltzaintzan edo artisau produktuen eraldaketan duen papera ahantzi gabe. 

Zerbait estimatzeko ezagutu egin behar dela premisatzat hartuta, bizimodu iraunkorrago baterat urratsak ematen hasteko tresna baliagarri bezala aurkeztu da proiektua. Egitasmoko parte hartzaileak Lesakako Agorleku gaztandegia, Elizondoko Autxitxia gasnategia, Arizkungo Baztango xurie, Berako Erlanki, Anizko Jauregia esnekiak, Etxalarko Maira okindegia eta Zugarramurdiko Martinea baratzea dira. Horretaz gain, proiektua Xomorro Agroekologia eta Hezkuntza, Arrea Agroekologia, Baztango Zaporeak, Bortziriak-Malerreka-Bertizarana Elikadura (Cederna Garalur), Baztango Udala, Cocoreado eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean atera da aurrera.