Aurtengo ilbeltzean ere (H)ilbeltza, Euskal Nobela Beltzaren Astea, ospatuko da Baztanen. 2024koa hamargarren edizioa izanen da eta betiko moduan aste batez ospatuko da, ilbeltzaren 22tik-28ra hain zuzen ere.

Hala, egun horietan zehar, Baztango inguruak nobela beltzarekin lotutako jarduera kulturalez beteko dira, euskarazko literatura beltza sustatzeko helburuarekin.

Programa

Aste horretarako egitaraua aurkeztu dute eta denetariko jarduerak izanen dira. Hasteko, astelehenean, hilak 22, idazleekin solasean izeneko ekintzak irekiko du programazioa, VI.(H)ilbeltza bekaren irabazlearekin, Beñat Irastorza Ugalde Altxa. Honen eskutik hildakoak Fred Vargasen eleberriaren itzulpenaren inguruko solasaldia izanen da 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean.

Asteazkenean, hilak 24, Anizko Mendiarte elkartean izanen da hitzordua Eusebio Erkiagarekin: Arranegitik bertze auzo batzuetara Miren Agur Meaberen solasaldia.

Ortzegunean, Jon Alonsoren Carvalho Euskadin liburuaren inguruko solasaldia izanen da arratsaldeko 19:00etan Berroetako Gure ametsa elkartean. Jarduera hau, gainera, Irati Jimenez elkarrizketatzaileak gidatuko du.

Ortziralean Mirande, film baterako zirriborroa dokumentala ikusteko aukera izanen da 19:30ean Iruritako Gizarte Bilgunean Josu Martinez zuzendariarekin.

Larunbatean, Sorgin-ehiza Euskal Herrian mahai-inguruarekin hasiko da eguna. Amaia Nausia Pimoulier, AsisKo eta Juainas Paul Arzak izanen dira hizlari, eta Ane Eslava moderatzaile. Hitzordua 11:00etan hasiko da Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Ondotik, bazkaria eginen dute 14:00etan Erratzuko Elkartean. Otorduan parte hartu ahal izateko, lehenagotik txartelak eskatu beharko dira ilbeltzabaztanen@gmail.com helbidean.

Bazkalondoan, 17:00etatik aitzin, liburu aurkezpenen momentua izanen da. Ernesto Pratek Mendeku eskubidea aurkeztuko du, Mikel Begoñak Hiru etxe Santa Monikan eta Xabier Lasak Ura ez baita beti gardena.

Gainera, larunbatarekin bukatzeko, 18:30ean, Eblatz, Susmagarrien gaua izanen da Erratzun barna.

Azkenik, igandean, 10:30ean, Erraiak etsai itzuli beltza egingo dute Beartzunen. Honetarako hitzordua Elizondoko plazan izanen da eta 2024ko (H)ilbeltza ixteko, 19:00etan, Izu-gar-irrizko bertso saioa ospatuko da Arizkunenea kultur etxean, Elizondon. Azken jarduera honetan Nerea Ibarzabal, Alaia Martin eta Saioa Alkaiza arituko dira bertsotan eta Amaia Agirre arituko da gai jartzaile lanetan.