Olite/Erriberri

Urte honetan ere Euskararen Eguna ospatuko da Erriberrin, ekainaren 15ean Agerraldiak nahiz Erriberriko Euskararen Lagunek antolatua. Udalerriko euskararen egoera Nafarroako zonifikazioaren mende dagoelako “herrian egoera zaila dagoela” adierazi du Izaskun Ujuek Erriberriko Euskararen Lagunetako lehendakariak, baina “aurrerapausu handiak ematen ari direla” ziurtatu du. “Erriberrin euskararen normalizaziorako bidean gaude, duela guxi gauzatu den D Eredua dela bide geroz eta haur gehiagok ikasten dute euskaraz apurka-apurka gehiago dira eta hori oso berri pozgarria da guretzat”, adierazi du Izaskunek.

Honela, “herriko gazteak gure hizkuntzan murgil daitezen nahi dugu” eta horretarako Euskararen Egunerako programazio bete-betekoa antolatu du taldeak. Larunbata 15a egun handia bada ere, asteartean Principe de Viana Ikastetxeko A eta D Ereduetako ikasleek burututako kantuz kalejira izanen da udalerriko kaleetan barrena. Ostiralean ere badago zer egin; Erriberriko Euskararen Lagunak taldeak antolaturiko lehen mus txapelketa baitago gaueko 21.30ean. Larunbatean hitzordua 11.30ean dute erriberritarrek Kultur Etxean herriko erraldoi nahiz buruhandien kalejira dela eta. Gero enparantza nagusian urtero egiten den omenaldia dago, zeina Erriberriko Txistulari taldeari emango zaion, Izaskunek azaldu bezala “txistulariek beti prestutasuna erakusten dutelako, beti prest daude txistuaz eta danbolinaz giroa animatzeko”.

Leku berean 12.30ean hainbat txalapartariren, erraldoien, buruhandien eta Txibiri taldeko dantzari txikien ikuskizuna dago. Horren ostean bazkari herrikoia egongo da, Iñaki Dieguezek eta Xabier Berasaluzek girotua. Arratsaldean haurrentzako tailerrak egongo dira eta 19.00an Nahiak Nahi eta Mantis taldeen kontzertuak. Hurrengo egunean, igandean, Moby Dick familientzako antzerkia egongo da.

Larraga eta Berbintzana

Berbintzanan hirugarrenez aste osorako egitaraua prestatu da. Jarduera guztiak arratsaldeko 18.00etan izango dira, doan. Asteartean, ekainak 18, Berbintzanako Las Eretas Museoan, Los Croods 2. Una nueva era pelikula proiektatuko da. Asteazkenean, ekainak 19, Berbintzanako Gurutze Plazan Karrikara!, umeentzako jokuak. Ostegunean, Porrotx pailazoaren ikuskizuna eta ostiralean, txikientzako talo tailerra. Larunbata 22a izango da egun handia, eta Larragako joaldunek emango diote hasiera jardunaldiari, ostean txupinazoaren jaurtiketa dagoela. Dantzek eta herri bazkariak giro paregabea osatuko dute udalerrian, eta arratsaldeko lauretan Adriantxoren, Garratz eta Trikidantz taldeen konzertuak izango dira. Gerora pintxopotea nahiz zezensuzkoa egongo dira eta egunean zehar puzgarriak, txikientzako aurpegi margoketa, hiztegi banaketa eta Las Eretasen euskarazko bisita gidatuak.

Larragako herrian ordea hil honen 29an ospatuko da Euskararen Eguna, baina egitaraua ez dago zehaztuta. Hala eta guztiz ere postutxoak, kontzertuak, umeentzako txokoak, taloak, kalejira, zezensuzkoa eta herri bazkaria egingo direla aurreratu dute antolatzaileek.