Ikastolon ardatz nagusia beti izan da euskara eta euskal kulturan oinarritutako hezkuntza proiektua Euskal Herriko gizarte osoari eskaintzea. Gure hizkuntza proiektuan jasoa dugun bezala, eremu guztietan eragiteko helburua dugu: gela barruan nahiz gela kanpoan.

Iñigo Aritza Ikastolako kideok argi dugu ikasleen ekosisteman osotasunean eragin nahi eta behar dugula eta gure ikasleen irteera profila aintzat hartuta, etorkizuneko gizartean gure ikasleak euskaldun eleanitz konprometituak irudikatzen ditugula, besteak beste. Gela barruan elkarrekintzaren eskutik hizkuntza eta hezkuntza garatzen gabiltza ikasleekin, baina euskararekiko atxikimimenduaren gakoa gela kanpoko eremuetan dagoela ikusten dugu, emozioetatik sortzen baita atxikimendu hori. Hortaz, ezin dugu ahaztu hezkuntza ez-formalaren garrantzia ikasleen garapenean, bereziki euskerarekiko jarreretan eragin nahi badugu.

Ikasleek ekosistema elikatzen

Ikastolen Elkarteko Zirimola taldearen eskutik, azken urteetan aisaildiaren marko pedagogikoa errebisatu eta gaur egungo erronkei aurre egiteko bideari ekin diogu.

Honela, ikasleen ongizatea erdigunean jarriz, hezkuntza ez-formaletik pedagogia sozialaren bitartez heziz, ikasleen ekosistema osoa elikatzen dugu, bizipen eta esperientzia desberdinek sortutako emozioetatik euskara eta euskal kulturarekiko atxikimendua eraikiz.

Zirimola taldearen eskaintza zabala da. Ikastoletako irakaslez, hezitzaile eta langileentzako formakuntza eskaintzeaz gain, ikasturtean zehar ikasleentzako egonaldi desberdinen eskaintza ere egiten da. Aurtengo ikasturtean, Iñigo Aritza Ikastolako gure hiru ikasle taldek parte hartuko dute Zirimolak antolatutako egonaldi desberdinetan. Maiatzaren hasieran, DBH 1eko ikasleek Alloko etxean igaro zituzten egunetan, Nafarroako historian murgiltzeko aukera paregabea izan zuten. Ekainean, DBH 2 eta LH 5-eko ikasleen txanda izango da: lehenengoak, Gipuzkoako kostaldera hurbilduko dira bertan ur ekintza desberdinez gozatu ahal izateko; bigarrenak, Sarako eta Gernikako ikastoletako ikasleekin elkartuko dira Allon euskara eta euskal kulturak duen aniztasunaren eta aberastasunaren kontzientzia transmititzea helburu harturik.

Ikasle oihak erdigunean

Aitzitik, gure gizarteak euskararen aferan dituen erronkei erantzuteko helburuz, gure ikasle ohiak erdigunean jarri ditugu; izan ere, Euskal Herri euskaldun eta euskaltzale bat eraikitzeko ikastolok eraikitako aisialdiaren markoa giltzarri ikusten dugu, eta testuinguru horretan ikastolen aisialdi markoan hezitako hezitzaileen beharra ezinbestekoa da. Honela, Sakanako haur eta gazteei gure helburu eta filosofiarekin bat datorren aisialdia eskaintzeko asmoz, aurten, gure ikasle ohiei eta Sakanako gazte guztiei Aisiola hezitzaile eskolarekin aisialdiko hezitzaile titulua eskuratzeko ikastaroa eskaini diegu Iñigo Aritza Ikastolatik.

Mimoz eta ilusioz aurrera ateratako ekimena izan da, eta ilbeltzetik gure gela eta hariztian hainbat aisiolari biltzen dira asteburu eta jai egunetan euskaratik aisialdi euskaldun eta euskaltzale bat eraikitzeko.

Gela barrutik, Zirimolara; eta Zirimolatik Aisiolarako jauzian lanean jarraituko dugu.