Pedagogia berria
Euskal ekimen berriak Gazteluko plaza aukeratu du, hiriaren bihotzetik eragiten saiatzeko. Ez du zeregin makala. Azkenaldi honetan kezka bat baitabil harat-honat. Ez bakarrik Iruñerrian, Euskal Herri guztietan baizik, baina Nafarroa Garaian berezia da (arlo honetan ere), kezkaren azpiko arazoa larriagoa delako, hots, D eredua eta euskara. Toki gehienetan nabaria baita haurrek gero eta lehenago uzten diotela euskaraz hitz egiteari eskolan, gero eta ikasle gehiago erdaraz mintzatzen direla irakasleekin, eta irakasle aunitzek hori normaltzat jotzen dutela (belaunaldi kontua ere ba omen dago horren atzean).
Hortaz landara, aipatu behar da zer sumatzen hasia den Nafarroan, delako pedagogia berriaren haritik. Umea omen denez bere garapenaren jabe bakarra, baztertzekoak dira garapen hori “eragotzi” edo garapen horretan “eragina” izan dezaketen jarduerak.
Eta pedagogia molde berri hori muturreraino eramatearen ondorioz edota gaizki aplikatzearen ondorioz, baztertu beharrekoak ere badira, konparazio batera, “Xinguli mangulu gure haurra nongo, ona bada etxeko, gaixtoa bada kanpoko…” edo “pipitaki, papataki nik baitakit gauza bat, landa erdian gazta bat. Zer ote da?” bezalako kantutxo, lelo, jolas, hitz-joko, ipuin, asmakizun eta gisakoak, umeen garapen askea trabatzen dutelakoan. To eta no! Baten batek azaldu beharko luke zergatik ez den bateragarria euskal ondare oparo hori egungo pedagogiarekin.
Bada, kezka horiek eta bertze batzuek bulkaturik, bidean da Iruñean euskal familiendako “Irauli. Hiri Buruzagia loratzen” ekimen berria, aspaldi-aspalditik edo duela gutxitik abian diren ekimenen osagarria. Izan ere, haurrak eskolan guztiz beren kasa garatzen uztearen ondorioz, arrunt erdaldunduko dira euskara etxetik dakarten umeak, nekez euskaldunduko dira gainerakoak eta ja ere ez dute jakinen euskal kulturaz.