elizondo - 2007an sortu zen Solaslaguna ekimena Baztan, Malerreka eta Bortizietan. Helburu argia du, euskaraz solastatzea. Euskarazko mintzamena hobetu nahi dutenak (bidelariak) eta euskaraz arazorik gabe hitz egiten dutenak (bidelagunak) talde ttikietan elkartzen dira, guttienez astean behin eta ordu batez, euskaraz hitz egiteko. Ikasturte honetan ere martxan jarriko da Solaslaguna egitasmoa, euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko doako programa. Urtez urte errepikatu den egitasmoa da, eta parte hartzen duten ia guztiek errepikatzen dute, arars gustura egoten baitira, lagun berriak egiteaz gain, aisialdia eta euskarazko mintzamena uztartzen dituztelarik. Gaur egun, eskualde guziko ia 100 pertsonak hartzen dute parte Solaslaguna programan, 17 taldetan banaturik. Datuek erakusten dutenez, proiektua aski errotua dago bai Malerrekan, Bortzirietan eta Baztanen ere. Asteko ohiko jarduera gain, urtean zehar bertzelako jarduera osagarriak ere egiten dituzte, eskualdeko eta eskualdez kanpoko bertze solaslagunekin batera, errate baterako, mendi irteerak, afariak, sagardotegira ateraldia, kirol ekintza desberdinak, Euskal Herri mailako Mintza Egunean parte hartu... Egitasmoa martxan dago aurten ere, nahiz eta solaslagun berriak ere onartzen dituzten. Norbaitek parte hartzeko interesa izanez gero, Solaslagunaren Txokoan, solaslaguna@topagunea.org, edo 610 920 673 telefonoan informazio gehiago eskuratzen ahal izanen du, baita Bortziriak, Malerreka eta Baztango euskaltegietan, edota Bortzirietako Euskara Mankomunitatean eta Malerrekako Mankomunitateko eta Baztango Udaleko Euskara Zerbitzuetan ere. Solaslaguna egitasmoaren aldaera batzuk ere badaude, hala nola, guraso taldeak, Hitanolaguna edo Euskalkide (Berako eta Elizondoko zahar etxeetan bizi diren adinekoak eta interesatuak elkarrekin solasean jarriz, tokian tokiko solasmolde jatorrak ikasteko eta horretan aritzeko espazioak sortuz. - F.A.G.