elizondo - San Anton eguna dugu gaur. Etxabereen zaindaria dugu San Anton. Jakina da garai batean etxe gehienetan etxabereak zeudela eta aunitzez gehiago zirela, era berean, San Anton eguna ospatzen zutenak, baina oraindik orain, hainbat tokitan mantentzen dira ospakizunak. Herri desberdinetan otordu bereziak egiten dituzte, seinale gisa. Elizondon, Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzaren aldeko zozketa burutuko da gaur 13.00etan. Zozketaren zain egon bidenabar, 11.00etan Baztan-zopak dastatzeko aukera izanen da eta bertsolariak kantuan entzuteko parada ere izanen dute Elizondoko plazara hurbiltzen diren guztiek. - F.A.G.