lekaroz-2017an (H)ilbeltzak, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak, Euskal Nobela Beltza sustatzeko asmoz, (H)ilbeltza beka antolatu zuten. Lehiaketara aurkeztutako sorkuntza laginen artean, Miel Anjel Elustondoren lana aukeratu zuen epaimahaiak, eta ondorioz, (H)ilbeltza bekaren lehenbiziko onuradun. Lehiaketaren oinarrietan ageri zen bezala, urtebeteko epea izan du idazleak bere lana osatzeko, eta iazko urte akabailan, Txalaparta argitaletxeak Elustondoren lana argitaratu zuen: Kezko bola batek itoak birikak. Berez, lehiaketaren baldintzek hala eskatzen baitute, aurtengo Euskal Nobela Beltzaren astearen baitan aurkeztu behar zuen liburua, baina eri zegoenez, ezin izan zuen hala egin.

Ortzegunean, dena den, izan zen Elustondorekin elkartu eta bere liburuaren nondik norakoak bertatik bertara ezagutzeko aukerarik. Idazleekin Solasean ekimenaren baitan, Lekarozko eskolan irakurle talde bat elkartu zen, beti bezala merendu-afari baten bueltan, egilearekin liburuari buruz eta bertze hainbat konturi buruz solastatzeko.

Azpeitiarra izanagatik, Baztan ongi ezagutzen du Elustondok, eta liburuan islatu du ezagutza hori, ez soilik trama bertan kokatuz, Baztango eskuararen aztarnak ere nabariak dira idazlanean.

Elustondok aitortu zuenez, lana eman dio eleberri beltza idazteak. Gauzak ongi egin nahi izan ditu, eta horretan saiatu da. Erraten duenez, “orrialde guztietan zerbait erran nahi nuen, pisuzko zerbait, hortaz, noizbehinka, liburua hartu eta ausaz orrialde bat irakurtzen dut, ikusteko, ea orrialde horrek zerbait dioen”. Kontent gelditu da emaitzarekin, uste duelako, baduela mamirik.

SINOPSIA Zerk eraman zuen Helena Tiucalerat? Nor zen Amerika izeneko kubatarra? Zergatik elkartu ziren Guatemalako herri txiki hartan? Eta Ñana, nor zen? Nolatan bukatuko zuten Ñanak eta Helenak Iruñean? Zer galdu zitzaion Garbiñeri Pine Ridge lakoten erreserban? Zerk lotzen zuen Johnny Douglas Euskal Herriarekin? Zerk darabilkio On Jaimeri buruan? Guru-tzatzen diren bide eta munduak. Latinoamerikatik Nafarroako geografia, bertzeak bertze, zeharkatzera eramanen gaituen istorioa da honakoa. Euskara, literatura, sikarioak, ustelkeria? giro beltzezko eleberrian.

III. (H)ILBELTZA BEKA (H)ilbeltza bekaren lehen deialdian hautatu zuten Elustondoren nobela egitasmoa. Baztango Udalak eta Txalapartak elkarlanean antolatzen dute beka, (H)ilbeltza elkartearen laguntzarekin. Bigarren deialdia, iazkoa, itzulpen lan bat laguntzeko izan zen; Josu Barambonesek irabazi zuen beka, eta Patricia Highsmithen The Blunderer lana ari da euskaratzen. 2019 urtea akitzerako argitaratzea espero da, 2020ko Euskal Nobela Beltzaren astean aurkezteko.

Aurtengoan sorkuntza lan bat sarituko da berriz.eta laginak aurkezteko epea maiatzaren 10ean bukatuko da.