elizondo - Baztango Udalak antolaturik eta “Zer jan halako Baztan” ekimenaren barnean, ortzegun arratsaldean eskoletako jangela ereduari buruzko mintzaldi bat egin zen Elizondon. Garbiñe Elizaintzin, INTIAko zirkuitu laburretako teknikaria, eta Nani Moré, Menjadors Ecologics elkarteko kide den sukaldariak hartu zuten solasaldiaren ardura nagusia. Beraiekin batera Sara Hernandezek ere parte hartu zuen, Iruñeko Buztintxuri auzoko haur eskolako sukaldariak. Aurkezpen lanak Joseba Otondo Baztango alkateak egin zituen.

Garbiñe Elizaintzin elikadura iraunkorrari buruz min-tzatu zen, elikadurak tokiko garapenarekin, ingurumenarekin, osasunarekin eta hezkuntzarekin duen harremana aztertuz. Alde horretatik sasoikoa, bertakoa, ekologikoa eta kalitatezkoa den elikagaien alde egin zuen.

Bertzalde, Nani Morék gaur egun haurren %23k gehiegizko pisua duela erran zuen; neurri handian gure dieta amerikanizatu delako. Horregatik jendearen osasuna zaintzeko eta klimaren aldaketa jokatzeko orain kontsumitzen den animalia proteina kopurua guttitzearen beharra aldarrikatu zuen. Munduari begira, berriz, epe ertainera jende guztiarendako jatekoak segurtatzeko arazoak izanen direla aipatu zuen, oraingo elikadura bederatzi elikagaietan bertzerik ez delako oinarritzen, tartean, patata, artoa, soja eta palma olio. Hori, nekazaritza eta elikadura industrial-produktibistatik eratorritako arazoa dela erran zuen. Modu berean, dieta anitz batek biodibertsitate handiagoa dakarrela erran zuen eta etorkizunean denendako jatekoak segurtatzekotan, biodibertsitatea handitu behar dela. Testuinguru horretan kokatu zuen eskoletako jangelen gaia. Eskoletako oraingo menuak aztertu zituen, prezioak ere bai, gurasoen kezkak edota beharrak kontuan harturik modu mailakatuan eta alian-tzak eraikiz gauzak aldatu daitezkeela argi erakutsi zuen. Horretarako baserritar, nutrizionista, sukaldari eta hezitzaileen arteko elkarlana beharrezkotzat jo zuelarik.

Solasaldia bukatzeko, Sara Hernandezek Iruñeko Buztintxuriko esperientziaren berri eman zuen. Bertan, jangela konbentzionaletik hurbileko eta ekologikora aldatzeko hautua egin zuten, eta hain zuzen ere, aldaketa horrek menuetan, errezetetan, gurasoengan edota hezitzaileengan eragin duen aldaketaren berri eman zuen.