eratsun - Malerrekako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, eta Ituren eta Eratsungo udalek Malerrekako Kultur Bira antolatu dute aurten. Joan den larunbatean Iturenen izan ziren lehen ekitaldiak, bakarrizketa eta musika. Martxoaren 30ean, larunbat honetan Eratsunen izanen dira hondarreko ekitaldiak: ipuin kontalaria, Malerreka kantuz eta bakarrizketa.

Martxoaren 30ean, larunbatean 11:00etan Eratsungo eskolan izanen da Pello Añorga ipuin kontalaria, e eta 10 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendutako emanaldian. Pello Añorga irakaslea, ipuin-kontalaria eta idazlea da. Irakasle ikasketak egin zituen Donostian eta irakasle aritu zen 1986 urtera arte. Geroztik, buru-belarri murgildu zen ipuin-kontaketan, lan hori haurrentzako liburuen idazle lanarekin uztartuz. Ipuinak kontatzeko iturriak aipatzerakoan ahozko tradizioko ondarea, ipuin klasikoak, munduko mitologia, norberaren liburuak eta bizipenak, eguneroko albisteak eta gaur egungo albumak nabarmen-tzen ditu besteak beste.

13.00etan Malerreka kantuz eginen da Eratsungo karriketan barna.

18:00etan, Bakarrizkanta bakarrizketa eskainiko du Barry Manley irlandarrak. Manleyk urte asko daramatza Euskal Herrian. Hizkuntzak betidanik gustatu izan zaizkio eta bertan geratzea erabaki zuenean euskara ikasi behar zuela argi ikusi zuen, baita ederki ikasi ere. Manleyk, umorea eta musika lagun, ikuskizun ederra eskainiko du Eratsunen.

21:00etan afari autogestionatua eginen dute Elitxen.

Irakurri, gozatu, oparitu Bertze aldetik, Doneztebeko liburutegiak bat egin du Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainarekin. Laburbilduz, liburutegian liburu bat hartu maileguan, irakurri, gozatu eta itzultzerakoan, irakurle fitxa betetzeagatik, %35eko deskontu txartela lortzen du irakurleak. Txeke horrekin liburuak merkeago erosteko aukera izanen du Doneztebeko Ostiz liburudendan, gero oparitzeko. - A.A.A.