elizondo - Elizondoko Lanbide Eskolako Administrazioa eta Finantzetako Goi Heziketa zikloa ikasten diharduten eskualdeko 9 ikaslek eta bi irakaslek parte hartu zuten, berriki, Pragan ospatutako Enpresa simulatuen ferian.

Duela urte dexente parte hartzen du Elizondoko Lanbide Eskolak halako egitasmoetan. Nazioarteko proiektua den enpresa simulatua didaktika metodologia alternatibo honen helburua ikasleak egiazko enpresa mundura hurbiltzea da, benetako feria batean egonen balira bezala lan eginez.

Elizondoko ikasleek azoka honetan Baztan Likoreak izeneko bere enpresarekin parte hartu zuten. Simulatutako eskaintza osatzen duten likoreak (patxarana, patxaka, menta likorea, erregaliz likorea, te likorea eta sorgin salda) eta txokolatea eraman zituzten eta azokan atondutako standean lan eta lan aritu ziren.

Azokan beren hornitzaile eta bezero diren enpresa simulatuetako ikasleekin egon eta negozioak (saldu, erosi) egiteko aukera izan zuten ingeles hizkuntza erabiliz.

Urtero bezala, Malkorra gozotegiaren eskutik, beraien standera hurbildu zirenei Baztanen hain ezaguna den Urrakin egina txokolatea dastatzeko aukera eman zieten.

NAFARROAN ERE Nazioartean ezezik, Elizondoko Lanbide Eskolak, duela hilabete gutti, Donapea institutuak antolatuta, Nafarroako enpresa simulatuen IX. azokan parte hartu zuen Iruñeko autobus geltoki zaharrean. Hainbat institututako enpresa simulatuen proiektuek parte hartu zuten, tartean, Elizondoko Lanbide Eskolako Goi Mailako Baztan Likoreak eta Erdi Mailako Ekomu enpresek. Guztira 66 enpresa bildu ziren. Enpresa simulatuendako erreferentea den azoka honetan, ikasleak haien produktuak saltzen eta gainontzeko enpresei erosten aritu ziren, ohiko merkatuan eginen luketen gisan. Aurtengo jardunaren bukaeran hobeki apaindutako standaren saria Elizondoko Lanbide Eskolako Ekomu enpresak irabazi zuen, gainera.