elizondo - Heldu den uztailaren 21ean ospatuko da aurtengo Baztandarren Biltzarra eguna eta elkarteko kideak ari dira bestaren antolaketa lanetan. Aurtengo kartela, errate baterako, prest dago. Miren Karmele Gomez artista elizondarrak egin du.

Iaz arte Baztandarren Biltzarra eguneko kartela lehiaketa bidez aukeratzen zuten, baina iaz, bertze hainbat ataletan bezala, Baztandarren Biltzarrak bertakoaren aldeko apustua areagotzea erabaki zuen; honela, Baztango artistei euren lanak aurkezteko proposamena egin zien eta bati edo bertzeari kartela egin zezan eskatzeko erabakia hartu zuten. Iaz Pello San Millanek egin bezala, aurten Miren Karmele Gomezek jaso du kartela egiteko eskaera.

Aitzineko kartelekin alderatuta, proposamen urratzaileagoa egin du, irrintzi baztandar bat irudi bilakatu baitu. Horixe da aurtengo kartela, irudi bidez ikusgarri egin den irrintzi bat. Izan ere, Miren Karmelek, ohiko bortz zen-tzumenez gain, badu bertze bat, sinestesia deiturikoa. Soinuak irudi bihurtzeko gaitasuna du. Berak soinu bat adi-tzerakoan honen marrazki edo irudi grafikoa ikusten du bere baitan, azken finean, sinestesia duten pertsonek mundua gainerakoendako ohikoa ez den modu batera jasotzen dute.

Hain zuzen ere, 5 zentzumenetik harago dagoen bertze mundu bat; Nola ulertu Baztandarren Biltzarreko kartela hitzaldia eskainiko du Miren Karmele Gomezek ekainaren 14ean, 19.30ean, Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. - F.A.G.