elizondo - 58 haurrek parte hartuko dute aurten Elizondon eginen diren udako jostaldietan. Aurten abuztuaren 5etik 30era burutuko dira. Aurtengoak berrikuntza batekin datoz, izan ere, orain arte Erratzu eta Elizondon antolatzen baziren ere, aurten Elizondon eginen dira bakarrik. Nonbait, Erratzuko jsotaldietan urtetik urtera gero eta haur gutiagok ematen zuten izena, hortaz, aurten Erratzun ez antolatzea erabaki du Euskara Batzordeak, eta soilik Elizondon eginen da. Lau astez, astelehenetik ortziralera goizeko ordutegian garatuko dira jostaldiak. 58 haurrak zazpi begiraleen ardurapean ekintza desberdinak burutzen ariko dira. Elizondon egitearena ere ez da ausaz hartutako erabakia, izan ere, batzordetik aipatu dutenez, “udako jostaldien helburua euskara sustatzea da eta Elizondon dugu hutsunerik handiena”. Honela, “aurtengo apustua Elizondokoa indartzea” izan dela nabarmendu dute, “bertako haurren euskararen erabileran eragin ahal izateko”. - F.A.G.