elizondo - Gaur goizean jarriko dituzte salgai heldu den igandean Elizondon ospatuko den Baztandarren Biltzarra egunean Merkatu zelaian egin ohi den bazkari herrikoian parte hartzeko txartelak. Goizeko 11.30ean zabalduko dute elkartearen barrakoiko leihatila (hasiera batean 10.00etan zabaltzea aurreikusten zen, baina azken orduko arazo bat tarteko, gibelatu dute). 11.30etik 13.00era eta arrtasaldean, 18.00etatik 20.00ak arte egonen da zabalik salmenta postua. Txartel bakoitzak 23 euroko kostua izanen du.

Gaur txartel guztiak ez badira saltzen (1.500 baino gehiago), bihartik aitzinera posta elektroniko bidez erreserbatzen ahalko dira, goizeko 10.00etatik aitzinera, txartelak@baztandarrenbiltzarra.eus helbidera idatzita. Jasotako emailen ordena errespetatuko da eskariak onartzeko orduan, baina ezarritako ordua baino lehen ailegatzen diren eskariak ez dira kontuan hartuko.

Seguraski gaur salduko dira txartel gehienak eta bihartik aitzinera, lekurik egonen bada, litekeena da mahaiak osatzeko lekuak gelditzea, seguraski ez dira mahai osoak libre geldituko. Beraz, kuadrillan hurbiltzeko asmoa duenak gaur erostea aholkatzen du antolakuntzak.

Bazkaria Baztandarren Biltzarra eguneko ekitaldi nagusietako bat izaten da, eta bazkal ondoren, Merkatu zelaian berean kantaldia izaten da, baita dantzak ere, Oharkabe eta Trikidantz taldeekin dantzaldiaz gozatu baino lehen. Gainera, Baztandarren Biltzarrak antolatzen duen tonbolan sari zuzena jaso ez duten boletoekin zozketa burutzen da, 1.000 euro zoketatzen dira, tonbolarako opari edota sariak emandako bertako komertzioetan gastatzeko.

Duela aste batzuk jarri zen martxan tonbola, Baztandarren Biltzarra finantzatzeko baliatzen den ekimena. Bertako komertzio edota ostatuetan guztira 8.000 boleto jarri dira salgai, bakoitza euro baten truke. Boleto anitzek zuzeneko sariak dituzte, eta gainerakoek igandeko zozketan parte hartuko dute.

Baztandarren elkargune den besta honen ardatza, igandean 11.00etan abiatuko den orga desfilea izaten da. Baztango herri bakoitzak bere herriarekin lotura duen orga apaindu bat prestatzen du bere herrian eta Baztandarren Biltzarra egunean erakusten. Herriz-herri ari dira bakoitza bere orga prestatzen, eta iganderako prest izanen dira. Euskal Herriko lurralde guztiak ordezkatuko dituzten musikari eta dantzari talde desberdinek ere parte hartuko dute desfile koloretsuan, eta aurten, berezitasun gisara, Ameriketako Estatu Batuetatik etorritako hamarnaka dantzarik ere parte hartuko dute, tartean, baztandar jatorriko hainbatek.

Orga desfilea Ikurrinak, Nafarroako eta Baztango banderek zabaltzen dute urtero, eta urtez-urte, Baztandarren Biltzarrak omenaldi edo aitortza gisara, norbanako, talde edo erakunde desberdinak hautatzen ditu bandera eramateko arduradun. Aurten ardura eta ohore hori Bidelagun elkarteak jaso du. Bidelagun elkarteko kideek eramanen dituzte, honenbertzez, igandean orga desfilea zabalduko duten banderak. Landa eremuan gizarte boluntariotza garatzeko xedez sortu zen Bidelagun elkarteak hogei urte bete ditu aurten eta bi hamarkadako ibilbidean ehunka laguni emandako babesa eta Baztanen egindako lanarengatik jasoko du aurten omenaldi edo aitortza.

Herriak apaindu. Aurten Baztandarren Biltzarra elkarteak, berrikuntza gisa, Baztango herri guztietako herritarrei eta komertzioetako kideei beren balkoi eta erakusleihoak apaintzeko gonbidapena luzatu nahi izan die. Sabaietan gordetako zapi, objektu zahar eta lanabesak baliatu eta Baztan osoko herriak apainduz Baztandarren Biltzarra egun bakarrera eta herri bakarrera ez mugatzea proposatuz.

Gan-torri. Igandean gan-torri autobusa izanen da Elizondotik Baztango gainerako herrietara itzultzeko, bakoitzak bere autoa hartu gabe.