elizondo - Pasa den larunbatean bukatu zen aurtengo Baztan-Errekako Laxoa txapelketa, eta helduena bukatu eta berehala gazteen txapelketa hastear da. Bihar abiatuko da Laxoa Elkarteak antolatzen duen gazteen txapelketa. Harrobia lantzeko azken urteetan burutzen den txapelketak bere fruituak ematen segitzen du eta, errate baterako, aurtengo helduen txapelketan hainbat gaztetxok hartu dute parte.

Helduen txapelketan hamaika talde izan badira, gazteen lehian sei ariko dira, Doneztebek hiru talde aurkeztu ditu, Iruritak bi eta Oizek bat. Arraiozek, helduetan bi talde aurkeztu ibazituen ere, gazteen mailan ez du talderik atera, adin horretako jende faltagatik.

Bihar hasi eta irailaren 14a bitartean ospatuko da txapelketa. Ligaxka sistema erabiliko da, denak denen aurka arituz, eta ligaxkako lau talde hoberenak finalerdietara sailkatuko dira. Finala, berriz, Iruritan jokatuko da, irailaren 14an. Ligaxkako eta finalerdietako partidak 7 jokoetara jokatuko dituzte eta finala 9 jokoetara. Lehenbiziko jardunaldian, bihar, Bear Zana plazan Doneztebe A-Doneztebe B, Iruritan, Irurita A-Irurita B eta Oizen Oiz-Doneztebe C partiduak jokatuko dira, denak 11.00etan. - F.A.G.