aniz - Udazkenean murgildu garen arren oraindik ere bestarako aukerarik ez da falta inguruan. Urtero bezala, urriko lehenbiziko asteburuan Anizko bestak ospatuko dituzte, gaurtik igandera bitartean.

11.00etan botako duten altxaferoarekin, ezkil-jotzearen ondotik herriko musikariak kalejiran ibiliko dira herrian barrena. 11.30ean herri-krosa izanen dute eta 12.00etan frontenis txapelketako kanporaketak jokatuko dituzte, finalak, berriz, arratsaldean. Tartean bazkari autogestionatua eginen dute frontoian. 20.00etan Mutil - dantzak dantzatuko dituzte eta gero 90 lagun inguru elkartuko dira Baztan-zopak dastatzera. Gauerditik aitzinera Salaberriren eskutik dantzaldia izanen da eta goizaldean xingar jatea. Gan-torri zerbitzua ere izanen da gaur.

Bihar, larunbata, goizean eta arratsaldean haurrendako puzgarriak eta jokoak izanen dira, bidenabar, paella eta postre lehiaketa eginen dute eta lehiaketara aurkeztutako jakiekin osatuko dute bazkaria. Bazkal ondoren mus txapelketa eta txokolate jatea izanen da eta ilunabarrean eta arratsean dantzaldia Hauspolariek taldearekin.

Igandean, mezaren ondotik bertako produktuekin prestatutako otordua eta zikiro-jatea izanen dituzte. Bazkal ondoren bingoa eta karaokea burutuko dituzte eta bestei akabaila emateko dantzaldia izanen da Salaberrirekin. - F.A.G.