elizondo - Baztango Udaleko Kultura Batzordeak antolatuta heldu den igandean Elizondon, Arizkunenea kultur etxean Parrapean ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da 19.00etatik aitzinera. Parrapean, errezitaldi poetiko-musikatu bat da, zeinean Gotzon Barandiaran, Itziar Castrillo, Ane Garcia eta Josu Landak hartzen duten parte.

Ikuskizunaren iturburua Txilen dago, Violeta eta Nicanor Parra anai-arreben lanak hartzen baititu oinarritzat ikuskizunak. XX. mendeko erreferentzia garrantzitsuak eta Hego Amerikako kulturan eta literaturan eragin handia izan duten eta oraindik ere duten Txiletar sortzaileen kantu eta poemez osaturiko errezitaldia da Parrapean, ikuspegi kulturala ardatz, eta gogoetak oinarri, errealitatea irudikatzeko modu berezia eskainiz. - F.A.G.