zubeta - Beste urte batez, Euskararen Eguna ospatuko dute Zubietan. Gazteek, Udalaren eta gurasoen laguntzaz, ekitaldi saila prestatu dute. Egun handia urriaren 12a, izanen da; baina ostiraletik giroa sumatuko da. Arratsaldean Udalak antolatutako mikro-ipuin eta ilustrazio lehiaketaren II.edizioko sari-banaketa izanen dute eta, segidan, gaztetxoak Ameli ipuin-kontalariaren eskutik, istorio goxoetan murgilduko dira. 19.00etan pintxo-lehiaketa izanen dute. 22.00etan mus txapelketan bilduko dira. Afalondoan, Hor dun koxka! taldeak girotuko du plaza bazterra.

Larunbatean, goiz osoan artisauak izanen dira. Apustua egiteko aukera ere eskainiko dute, gazteek urdaiazpikoaren eta gaztaren pisua asmatzeko txokoa paratuko baitute. 11.00 aldera, gazteen artean, herri-kirolak jokatuko dituzte. Kirolariei Kukai dantza-taldeko kideek hartuko diete lekukoa 12.00etan. 14.30 aldera, Azpeitiko trikitilariek alaitutako kantu-bazkaria izanen dute. 17.00etan Pontx pailazoaren bueltan bilduko dira eta 18.00etan merienda izanen dute. 19.30etik 22.00etara Elektrotxufla elektrotxaranga izanen da eta segidan, 22.30etik 00.00etara Mugalariak taldearen kontzertua. Oharkabe taldearen eskutik, gaua luzatzeko aukerarik ez dute falta izanen. - A.A.A.