elizondo - Jon Maia, bertzeak bertze bertsolari, idazle edota gidoigilea dena, aski ezaguna da euskal kulturgintzan, ekimen anitzetan aritu da eta dihardu. Gaur, bere azken musika proiektua aurkeztuko du Elizondon, Arizkunenean, 19.00etan: Hezurbeltzak. Hezurbeltzak, maketo, mantxurriano, koko edo belarrimotz hitzen sinonimoa da, eta hain zuzen ere, proiektu honen ardatza hori da. Maia oparoa bada, ez dira gutiago bere taldekideak, Gorka Hermoso eta Pitti, musikari bikainak biak. Baten hitz eta bertzeen musika uztartuta, ikusleek musikaz harago sortutako unibertso propio batean murgiltzeko aukera izanen dute gaurko emanaldian. Kantu eta testuen bidez, emigrazioa eta gizarteko pertsonaia baztertuei buruzko istorioak kontatuko dituzte, poetika, kritika, umorea eta edertasuna uztartuz, atrezzo eta giro bakan batean aurkeztutakoak. - F.A.G.