elizondo - Elizondoko Lanbide Eskolako ikasleek eta Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzako aitatxi eta amatxiek besta batekin borobildu zuten pasa den ortziralean, azken hilabeteetan elkarrekin garatutako Ikaskuntza Zerbitzu Solidarioko Proiektua.

Proiektu honen bidez ikastetxeko gazteek gauza anitz ikasteko aukera izan dute (matematikak, hizkuntza, zientziak?) baina ikaskuntzarik erranguratsuena, beharbada, adinez nagusiak diren adinekoen egoitzako egoiliarrekin bizi izan duten hartu eman naturala izan da, elkarrekin partekatutako esperientziak. Proiektuak iraun duen bitartean, ortziralero joaten ziren ikasleak adinekoen egoitzara eta bertako aitatxi amatxiekin beren egunerokotasuna ezagutu dute, ikasgelan landutako gaiak aplikatu dituzte, eta horrez gain, ikasle parte hartzaileek erran dutenez, pertsona heldu batek zein behar dituen ikusi eta behar horiek nola ase ditzaketen bizitzeko parada izan dute. Modu honetan bizitzarako ezinbertzekoak dituzten hainbat zeharkako konpetentzia ere landu dituzte, hala nola, talde lana, konpetentzia soziala edota sormenerako konpetentzia.

Egoitzako egoiliarrendako ere esperientzia aberasgarria eta ahaztezina izan dela adierazi dute adinekoek, izan ere, egunerokotasunak aunitzetan dakarren bakardadetik atera eta gazteekin euren bizipenak partekatzeko aukera izan baitute. Gazte eta adinekoak elkartu izan diren guztietan irribarreak izan dira nagusi, beren gozamenaren erakusgarri. Lanbide Eskolako zein Francisco Joaquin Iriarte adinekoen egoitzako ordezkariek diotenez, "esperientzia hau opari bat izan da". Adineko parte hartzaileendako alaitasuna eta irribarreak izan dituztelako bidelagun, ikasleendako, berriz, etorkizunerako arras lagungarriak izan ditzaketen aholkuak entzun dituztelako. Irakasleek ere, beren aldetik, proiektuaren balorazio guztiz positiboa egin dute, irakaskuntza lana gisa honetako proiektu solidarioak aitzinera eramanez aunitzez aberatsagoa dela frogatu dutelako.

Ortziraleko bestan, omenaldi xume bat ere eskaini zioten Tomas Belzunegi elizondarrari, bere izen bera daraman lehiaketan bere idatzi bat saritua izan da, eta ikasleek testu hori irakurri zuten, aitortza gisa.