arizkun/erratzu - Azken bi hamarkadan berreskuratutako Gizakunde besta ospatuko da bihar Arizkun eta Erratzu artean, Jo ala jo Kultur Taldeak, Erratzuko kultur elkarteak eta Baztango talde feministak antolatuta. Mozorroak, hartza, Jantzilo eta abarrek hartuko dituzte bi herrietako karrikak. Halere, gaur ere izanen da ekitaldirik.

Izan ere, gaur, Feminikasten 2.1 zikloaren baitan antolatutako hitzordu berri bat burutuko da Arizkunen. "Emakumeak eta inauteak" izenpean solasaldi eta argazki erakusketa antolatu dute. 8.30ean, Gamioxarrean, Aitzpea Leizaolak Emakumeak eta iñauteak solasaldia eskainiko du, eta Gari Garaialdek Emakumeak maskapean argazki erakusketaren aurkezpena eginen du, bihar, argazki erakusketa ikusgai egonen delarik.

egitaraua Gamioxarrean, 13.30ean bazkaldu ondotik. bakoitzak bere mozorroa jantzita, 17.00etan abiatuko da Arizkunetik Erratzura joanen den desfilea. Ilunabarrean ailegatuko dira Erratzura eta itzuli bat emanta, plazan, gaizkia irudikatzen duen Jan-tziloren epaiketa izanen da. Erruduntzat joko dute ziurrenik, eta panpina sutan erre.

Bere inguruan zortzikoa dantzatuz ospatuko dute gaizkiaren bukaera, Etxelebert elkartean afaldu aitzinetik. Gauerditik aitzinera Party aparta izanen da bertan, Euskadi eta Askatatxunda eta Azukre Beltxaranaren musikaz lagunduta.