Azken hilabeteetan, koronabirusaren eraginez kultur ekitaldiak erabat murriztuta gelditu dira, baina mantxo-mantxo ari dira han eta hemen segurtasun eta osasun neurri guztiak kontuan hartuz, ekitaldiak garatzen. Baztango Udaleko Kultura Batzordeak ere udarako hainbat kultur jarduera oparoa antolatu du.

Hasteko, bihar, ortzeguna Nafarroako Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programaren 25. edizioaren baitan, Elizondoko Iriarte pilotalekuan Brodas Bros Hipstory dantza taldeak, hip-hop dantzak eskainiko ditu 20.00etan hasiko den emanaldian. 200.000 ikuslek baino gehiagok ikusi dituzte beren emanaldiak, eta SDK munduko txapelketa, 2012ko Eurobattle txapelketa eta JustedeboutSpain (hainbat aldiz) irabazi dituzte. 2017an, Max Sarietarako izendapena lortu zuten antzezle-zerrenda hoberenarengatik, eta 2018an, berriz, kaleko ikuskizun hoberenarengatik.

Brodas Bros hiri-dantzako konpainia hip hopa agertoki handietara eramateagatik da ospetsua, eta, oraingoan, Hipstory aurkezten du.Hipstory hip hoparen istorioa lantzen du, dantzekin, gag-ekin, zuzeneko musikarekin eta publikoaren parte-hartzearekin. Lau dantzarik, bboy batek eta beat boxen aditua den zuzeneko musikari batek alaituko dute ikuskizuna.

Ortziralean 20.00etan ere eta toki berean, Estitxu Pinatxo kantari beratarrak Haize gorri batek izeneko lana aurkeztuko du eta abuztuaren 1ean, larunbatean, Trapu zaharra antzerki taldeak Turistreatzen Turistreatzenlana emanen du. Hitzordu hau ere Iriarte pilotalekuan izanen da, 20.00etan.

Emanaldi guztietan sarrera doakoa izanen da, beti ere, osasun eta segurtasun neurri guztiak betez eginen direlarik eta edukiera mugatua izanen da.

Abuztuan ere bertze bi ekimen izanen dira. Batetik, aurten martxan jarritako Baztan Kantuz hitzordu berri bat izanen du, Zigan, abuztuaren 16an 12.00etan, plazatik abiatuta.

Ekitaldiekin bukatzeko, abuztuaren 21ean Elizondon, Arizkunenea Kultur Etxean, CMC Garaikidearen eskutik Musika Sinestesika Kontzertua izanen da, 19.30ean.