- Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko da aurtengo Euskaraldia. Duela bi urteko lehenbiziko edizioan bezala, jendearn hizkuntza ohituretan eragin nahi duen egitasmoa da, eta hasteko hiru aste falta diren honetan, Baztanen buru belarri ari dira aitzineko lanetan, jendearen aktibazioa sustatzen, parte hartzeko motibazioa hedatzen eta oro har, herritarrak izen-ematera animatzen. Atzo, Elizondoko plazan mahai bat jarri zuten jendeak Euskaraldian izena emateko. Euskaraldia.eus webgunearen Ahobizi eta Belarriprest rolak hautatuz izena emateko aukera dago, baina denek ez dutenez internet erabiltzeko trebetasunik, paperean izena emateko aukera izan en atzokoan. Bitartean musikaz girotu zuten Foruen plaza, eta bertze batzuk herrian zehar Euskaraldiko kartelak jarri zituzten.

Azken asteetan Baztango Euskaraldiko batzordea lan eta lan ari da eta datak hurbildu ahala herritarrak ari dira izena ematen. Duela bi urteko lehenbiziko edizioan 1.067 baztandarrek parte hartu zuten ekimenean, eta aurten kopuru hori berdindu edo hobetezeko gogoz ari dira dinamizazio lanetan. Orain arte, 600 lagun inguruk eman dute izena, eta ondoko asteetan kopuru horrek nabarmen goiti eginen duela espero dute.

Bertzalde, Euskaraldia ikusgarriago egiteko euskaltzaleen mugimendua baliabidez indartzeko, etxe, elkarte, eraikin publiko eta lantegietako leiho eta balkoietan Euskaraldiko banderatxoak jartzeko deialdia luzatu dute, Euskaltegian, Herrietako eskoletan, Xorroxin irratian, Elizondko Lanbide eskolan ,Lekarozko institutuan eta Baztango Udaletxean eskuratu daitezke, 5 euroren truke.

Gainera, oihartzun gehiago izateko, Xorroxin Irratian Euskaraldiari buruzko lehiaketa parte hartzailea eginen da eta produktu desberdinekin osaturiko saski baten zozketan sartuko dira parte hartzen dutenak.Parte har-tzeko, irratira deitu eta Euskaraldiaren inguruko bizipenak kontatu beharko dira. Zozketa azaroaren 20an eginen da.

Heldu den asteari begira, Euskaraldiko batzordeak ere solasaldi bat antolatu du. Azaroaren 5ean, ortzegunean, 19.00etan Arizkunenea kultur etxean 'Norberaren hizkuntza debekatzeak pertsonari ekar-tzen dizkion ondorioak' izenburua duen hitzaldia izanen da. Ainize Madariagak norberaren hizkuntza debekatzeak eragiten dituen ondorio pertsonalak izanen ditu hizpide. Edukiera mugatua denez, gonbidapenak beharko dira parte hartzeko. Gonbidapenak 18.30etik aitzinera banatuko dira Arizkunenean berean.

Baztango Euskaraldiko batzordea berriz ere elkartuko da heldu den astean, azaroaren 3an, 17.00etan Arizkunenean. Parte hartu nahi duten guztiak ager daitezke edo telematikoki parte; 6 lagun baino gehiago ezin direnez elkartu. Pasa den astean ere batzuk presentzialki eta bertzeek telematikoki hartu zuten parte bileran.