Pasa den astelehenean Magnesitas Navarra (Magna) enpresako ordezkaritza bat Baztango Batzar Nagusiko hainbat kiderekin bildu zen Erdizko parajean garat unahi duen harrobi proiektuaren inguruan, bertako bazkalekuarendako prestatu duten proposamena aurkezteko. Magnako ordezkariek jakinarazi zuten 2021eko lehen seihilekoan proiektua Nafarroako Gobernuaren aurkeztuko dutela, eta berau "Erdiz erabiltzen duen abeltzaintzarekin eta bailarako bizimoduarekin bateragarria izanen dela".

Honen harira, Erdiz bizirik plataformak prentsa ohar bat karrikaratu du Magnesitas Navarraren proposamenaren aitzinean, zeinean salatzen duen "multinazionalak aurkeztu zuen proposamena mendez mende Baztango ekonomiaren euskarria izan den eta den Erdizeko bazkalekua desagerraraztea" suposatuko lukeela. Natura 2000 eremu babestuaren gainean meategi bat eraikitzeak Baztango nekazari eta herritarrendako onuragarria izanen dela sinetsarazi nahi izatea "lotsagarria" dela deritzo. Gainera, enpresari "oroitarazi nahi diogu herri honek memoria baduela eta otsoa ikusteko gai dela ardi larruarekin mozorrotua heldu bada ere". Asteleheneko bileran "kolaborazioa eta elkarlana bezalako hitzak erabili bazituzten ere, azpijokoen maisu direla badakigu eta ez digute ziria sartuko", deitoratzen du Erdiz bizirik plataformak. Gogora ekarri nahi izan du Baztango "ordezkari politikoen zein eragileen borondatea behin eta berriz diruarekin baldintzatzen saiatu diren, nola legez kontrako proiektuak bultzatu dituzten, nola proiektua legez kontrakoa zela jakinda ere Baztan parte den Kintoko mankomunitateko lurrak UGPS/PSISaren bitartez espropiatu zituztela eta nola beren trikimailuak erabili dituzten Baztan eta Esteribarren arteko muga ere beren alde mugiarazteko". Hori dela eta, plataformak enpresari "memoria ariketa bat egitea" eskatzen dio, oroitaraziz "herri honek badakiela zer nahi duen eta batez ere zer ez duen nahi". Erdiz biziriken erranetan Baztanek behin eta berriz erran du Erdizen ez duela meategirik nahi eta erakutsi du herri lurrak defenditzeko duen indarra eta ahalmena. Hortaz, "Baztango herrilurren kontrako eraso berri honen aitzinean hurrengo hilabeteetan baztandar guztioi dagokigun antolaketa eta mobilizazio lanetan arituko garela jakinarazi nahi diogu Magnari zein berarekin batera gure lurra, osasuna eta bizimodua arriskuan jarri nahi dutenei, lurraren osasuna, gure etorkizuna delako!".