Baztango Gazte Asanbladak salatu duenez, igandean Baztango Gaztetxean pintaketa faxistak agertu ziren. Zerraila hautsita zegoela aprobetxatu eta "inpunitate osoz" margoketak egin dituzte barneko aldean, "gauez eta aurpegia estaliz, anonimotasunean". Aurten 17 urte beteko dituen gaztetxeak kolektibo eta eragileendako ateak beti zabalik izan dituela gogora ekarri dute, eta eskuin muturrak "kaleak bereganatzeko asmoan" egin omen du eraso hau. Hori salatzeko hamarnaka lagun elkarretaratu ziren, "eraso guztien gainetik etorkizuneko Baztan antifaxista" eraikitzen jarraituko dutela adieraziz eta "gazteriari antolakuntza eta borrokara batzeko" deia eginez.