Erratzuko gazte koadrila batek Jugoslaviara egindako bidaia batean sortu zen ideia. Handik denbora batera, udaberria hastear zela, loratu zen Xorroxin Irratia. 1981eko martxoaren 19an Erratzuko eskolako sabaitik hasi zen gazte haien ametsa loratzen. The Beatles taldearen Ob-la- di, ob-la-da kantua izan zen Xorroxin Irratitiak uhin bidez hedatutako lehenbiziko kantua. Geroztik, 40 urte pasa dira, eta Xorroxin irratiak aldaketa aunitz pairatu dituen arren, hasierako irrati euskaldun eta herritarraren funtsak bizirik dirau,

Erratzuko xoko zoragarri baten izena jarri zioten, Xorroxin irratia, eta ur jauziaren tantek bezala, irratiaren uhinak ingurua zipriztintzen hasi ziren. Lau urte inguru eman zituen irratiak Erratzun, 1985ean Elizondon kokatuz eta lehenbiziko errepikagailua Zigaurreko baserri batean jarriz.

Elizondon bi egoitza ezagutu zituen Xorroxin Irratiak, Fortenea ostatua eta Saskaitz plazakoa, eta Elizondon berean hasi zen irratia pixka bat profesionalizatzen. Langile bati zerbait ordaintzen zitzaion eguerdiko saioa bideratzeko. Gauzak hobetzen, lantzen joan ziren, baita tresneria ere. Jendearen harrera ona ikusita, pixka bat hedatzea pentsatu zuten eta denbora pasatu ahala, Baztan eta Malerrekan errepikagailuak jarri zituzten, Bortzirietara beranduago ailegatu zelarik, baita Xaretara ere, Urdazubi eta Zugarramurdira. Jende aunitz hurbiltzen zen irratira saio desberdinak egitera, edo bertzerik gabe, gustuko musika jartzera. Ur jauziko tantekin hasi zena erreka bilakatu zen.

Hasieran zeuden gastuak areagotu ziren eta nonbaitetik dirua bildu behar zen, hortaz, herrietako bestetan txosnak jartzen ziren eta, irratiaren ikur bilakatutako Xorroxin Kontzertuak ere gogoangarriak izan ziren urte aunitzetan. Batez ere Erratzuko frontoian kontzertu historikoak antolatuz, Barricada, La polla records, Hertzainak, Itoiz€eta bertze hainbat talderekin.

Tarte horretan, irrati lizentzia eskuratzeko beharra ikusi zen, eta proiektu landuak aurkeztu baziren ere, Nafarroako Gobernuak ez zion lizentziarik eman Xorroxin irratiari. Hala ere, lanean segitu zuen, tartean bertze egoitza aldaketa batekin, Iruritako etxe batera eraman baitzuten. Ordurako hainbat langile ari ziren soldatapean eta programazioa gero eta zabalagoa eta gero eta kalitate hobekoa zen. Tresneria ere, diruak ahalbidetzen zuen heinean hobetzen zihoan. Gero eta entzule gehiago zituen irratiak eta dagoeneko Baztan-Bidasoa erreka guztian entzuten zen.

LIZENTZIA Urte eta borroka aunitzen ondotik, 1998an, hainbertze desiratutako lizentzia ailegatu zen. Horrek aldaketa berriak ekarri zituen, Baztango Udalak Elizondoko San Francisco Xabier ikastetxean egoitza bat utzi zion, 1999ko urteberri egunean inauguratua. Gainera, Lesakako Udalak utzitako bertze egoitza batean ere kokatu zen 2001ean.

Irratiak hazten jarraitu zuen, soldatapeko 10 langile izateraino, gero eta emisio ordu gehiagorekin eta gero eta entzule gehiagorekin (Eusko Jaurlaritzak egindako azken neurketaren arabera Xorroxin Irratiak hartzen duen 22.500 biztanleko eremuan 6.680 entzule ditu, Euskal Herrian entzule potentzial eta errealen arteko portzentaje handiena duen euskarazko irratia da).

2007an azken aldaketa handia etorriko zen. Baztango Udalak irratiaren egoitza kokatzen zen gela behar zuenez, Xorroxin Irratiak, gaur egun Elizondon Maria Azpilkuetan kokatzen den egoitza erosi zuen.

Ondotik etorri ziren "urterik zailenak". Diru laguntzak murriztu ziren eta irratiko langileek soldatak murriztu behar izan zituzten, gainera, 4 urtez egon ziren Aldi Baterako Lan Erregulazioan. Finantziazio bide berriak bilatu behar izan zituen irratiak, behikaka.com zozketa edota bazkide kanpaina erraterako. "Jendeak, beti bezala, ongi erantzun zuen", eta nahiz eta orain "Nafarroako Gobernuaren diru laguntza berreskuratu, ez da garai batean Eusko Jaurlaritzatik jasotzen genuenetik urrun dago". Gobernuko eta eskualdeko udal eta mankomunitateen laguntzez gain, irratiaren diru iturri handiena publizitatea da, "gure bezeroak arras fidelak dira zorionez, bihotzez eskertzen dugu", gainera, "150 kolaboratzaile inguru ditugu, eta entzule finak, horiek dira egunero gure ondoan daudenak, esker mila".

Gaur egun Elizondo eta Lesakako egoitzen artean 6 langile aritzen dira, 3 lanaldi osoan eta 3 lanaldi murriztuarekin: Mari Karmen Irungarai, Josetxo Apezetxea, Marian Iñarrea, Nerea Alzuri, Fernando Anbustegi eta Julen Zelaieta.

40. urteurrena ezin izan dute nahi bezala ospatu, beharbada egoera aldatzen denean eginen dute zerbait, dena den argi dute, "ospakizun hoberena egunerokoan entzuleekiko harremana elikatzea da eta horretan jarraituko dugu".

"Duela 40 urteko ilusio eta ametsek bere horretan segitzen dute, eta segi dezatela urte aunitzez"

JOSETXO APEZETXEA

Xorroxin Irratiko lehendakaria