Ortzirale arratsaldetik hamarnaka lagun Aroztegiko proiektuaren aurka protesta egiteko kanpaldi batean parte hartzen ari dira Lekarozen, Aroztegia jauregi ondoko belardi batean, "ez Lekarozko herriak, ez Baztanek ere babesten ez duen pelotazo urbanistiko honek ez du zilegitasunik. Hortaz, Aroztegiko eremuan erresistentzia kanpaldia eginen dugu txikizio hau gelditu arte. Jakin dezatela ez garela isilik geratuko", hala adierazi dute kanpaldiko parte hartzaileek.

Ortzirale arratsaldean, bertze behin ere, Aroztegiko eremuan lanean ari ziren hondeamakinak geldiarazi zituzten, eta lanak geldiarazi bitartean jokabide berarekin jarraituko dutela argi utzi nahi zian zuten.

Kanpaldian lehenbiziko gaua igaro ondotik, larunbat goizean hainbat Guardia Civil hurbildu ziren kanpalekura eta bertan zeudenei jakinarazi zieten ezin zutela hor egon. Parte hartzaileek herri harresi bat osatu zuten handik ez zirela mugituko adieraziz, eta argazkiak egiten ari ziren hainbat parte hartzaile identifikatu ondoren alde egin zuten poliziek.

Larunbat arratsaldean, berriz, jendetza bildu zen Lekarozko plazan Herriaren hitza errespetatu, Aroztegia gelditu! lelopean. Palacio de Arozteguiak herrian burutu nahi duen proiektuaren lanak hasi ditu berriki, eta bertze behin ere herritarrak horren kontra daudela agertzeko bildu ziren.

Irakurritako manifestuan salatu duenez, Aroztegikoa "indarrez inposatutako" proiektu bat da. "Urteak daramatzagu herri gisa proiektu honen kontra gaudela adierazten, eta ez gaituzte entzun nahi". Gainera, udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa bideratu dutenez (UGPS), Baztango Udalari eskumenak kendu dizkiotela salatu dute, "Baztango lur komunalak enpresa pribatu bati ematea ahalbidetuz". Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari herritarren hitza errespetatzeko eskatu diote. "Gobernuak bere eginkizuna betetzen ez duenez, gure esku dagoen guztia eginen dugu proiektu hau gelditzeko".

Elkarretaratzearen bukaeran momentu hunkigarri bat bizi izan zen, hor zeuden lekaroztarrak pankartara hurbildu eta Txoria txori kantatu zutenean.