Lekarozko alkatetza taldeak ohar baten bidez Aroztegiko eremuan lanean aritu diren hondeamakinek eragindako "txikizioa" salatu du. Oharrean dioenez, "herritarren mobilizazioei esker, hondeamakinak lekutu behar izan zituzten, baina hondeamakinek gibelean utzi dutena agerian geratu da: hamarnaka arbola bota dituzte, ehunka urte zituzten haritzak moztu dituzte eta, bertzeak bertze, pista berriak ireki dituzte nekazal lurrak xehatuz. Eraginaren adibiderik lazgarriena Sukiletx inguruan gertatutakoa dela adierazi du alkatetza taldeak "inguruko arbolak mozteaz gain, Telleria errekako bazterrak xehatu dituzte hondeamakinen pasoarekin, baita harrizko zubia bera ere". Hondeamakinak erreka gainetik pasatu ahal izateko harrizko zubiaren bazterreko paretak birrindu eta pisu handiko makinen lanaren ondorioz zubia bera kaltetua izan dela gaitzetsi dute.

"Herriko bazterrak bortxatuak ikustean" lekaroztarrek sentitzen dutena adieraztea zaila dela dio oharrak, baina "gero eta argiago dugu Lekaroz den bezala maite dugula, lurrari lotua, pelotazo urbanistikorik gabe", eta behin ere Aroztegiko proiektuari ezetz erraten diotela argi erran nahi izan du Lekarozko alkatetza taldeak.

Bide horretan, Aroztegiko proiektuaren ondorioz beren lurrak galdu eta kaltetuak izan diren herritarrei elkartasuna helarazi nahi izan die, bide batez, "Nafarroako Gobernuari UGEP-a bertan beheiti utz dezan eta baztandarron borondatea errespeta dezan eskatzen diogu", eta herritarrak animatu nahi izan ditu Aroztak ekimenak antolatuta larunbatean Elizondoko plazatik 17.30ean aterako den manifestazioan parte har dezaten.