Baztango talde ekosozialak antolatuta Baztan uhaldeari jarraikiz jardunaldi ibiltaria egin zuten igandean Elizondon. Arturo Elosegi EHUko irakasle eta ekologia katedradunaren azalpenek lagunduta, ibilaldia Elizondo eta Elbete arteko Askoko zubian hasi zuten, Giltxaurdiko meandroan barna behetiko karrikatik Muniarteko zubira joanez eta Opokako zubian akituz.

Elosegik ohartarazi zuen klimaren aldaketarengatik, etorkizunean, erauntsi bortitzagoak ezagutuko ditugula eta uholdeak maizago eta handiagoak izanen direla. Hortaz, uholdeak saihestea ezinezko izanen denez, kalteak arintzeko eta prebenitzeko lana egitea beharrezkoa dela, adibidez, herrian sartu baino lehen zabaltzeko eta gainezka egiteko tokiak eskura jartzea. Aldi berean, Txokotoko presaren harira, uholdeen kalteak txikitzeko zati batean bederen bota beharko litzatekeela aipatu zuen, uholdea 4 metroan jaitsiko litzatekeelako, presak duen neurri berean.

Nolanahi ere ibilaldiaren helburua uhaldeko ekosistema hobe ezagutzea izanik, bertze hamaika kontuz aritu ziren. Uhalde bazterretan zuhaitzak egotearen garrantzia azpimarratu zuen, zainek erreka garbitzen laguntzen dutelako, eta itzalak ura freskatzen, arrain eta animalien mesederako. Kanpoko espezien ordez, berriz, haltza, zumarra eta hurritza tokiko espezieen aldarria egin zuen.

Nekazaritzako purinen %30 uhaldera ailegatzen dela ere aipatu zuen eta, horren ondorioz alga gehiago dagoela.

Modu berean, kutsatzaile berrien eraginekin kezkatuta agertu zen Elosegi, hartzen ditugun botikak uhaldeetan ondorioak izaten hasi direlako, arrainetan adibidez, sexu aldaketak antzeman dituztelarik, izan ere, araztegiek, ez dituzte botiken arrasto guztiak kentzen ahal.