Orabidean kezkaturik daude azken urteetan basurdeak belaietan egiten ari diren txikizioekin. Horren harira, astelehenean Orabideko 20 baserrietako bizilagunen ordezkaritza bat Baztango Udaletxean hainbat zinegotzi eta Joseba Otondo alkatearekin bildu ziren, beren kezkaren berri eman eta etorkizunera begira, konponbidea bilatzeko bidelagun izatea eskatuz.

Azaldu zutenez, duela lau urtetik hona, hain zuzen ere, inguru horretan ehiza-jarduera murriztu zenetik, basurdearen agerpena arazo errepikakor eta gero eta larriagoa bilakatu da. Belaietan kalte handiak egin dituztela salatu dute, zulo handiak eraginez. Hortaz, beren eremua hartzen duen ehiza debekualdia indargabetzea aldarrikatzen dute, eta, aldi berean, kontrol uxaldiak baimentzea, mendian askatutako basurde kopurua erregulatze aldera. Beren lurretan izandako kalteek erakusten omen dute, gainera, maiz jaitsi direla animaliak beren etxebizitzen inguruetara elikagai bila.

Baserritarrek azpimarratu dute arazoa ez dela oraingoa. Nonbait, lau urte daramatzate horrela, eta azken aldian basurdeek belaietan eragindako kalteak areagotu dira, epe laburrera kalte konponezina izanen dutenak, baserrietako aziendarendako elikagaiak galtzen ari direla kexatu ziren.

Orabideko bizilagunek basurdeen ugaritzeari muga jartzeko ahalegin berezia eskatu dute, eta egoera bere onera itzultzeko bidean, ehiztariei sartzen uztea aldarrikatu dute, uxaldi kontrolatuen bidez basurde populazioa murrizteko.

Baztango Udaletxean egindako bilkuran, ahoz egindako salaketa eragindako kalteen irudiekin batera aurkeztu zuten, eta Baztango Udalari laguntza eskatu zioten. Momentuan Ingurumeneko Foru Departamentuaren aitzinean baserritarrek egindako eskaerei erantzuteko kudeaketarik egin ez denez, Udal agintariek baserritarren kezka bere egin eta Nafarroako Gobernuari irtenbide bat bilatzeko eskaera helarazteko konpromisoa hartuz.