Ortziral honetan Nafarroaren Eguna izanen da, baina baita Euskararen Nazioarteko eguna ere. Gure hizkuntzari lotuta, azken urteetan ohikoa den bezala, Baztanen hainbat ekitaldi antolatu dira ondoko egunetarako.

Ortziral goizean zehar, Baztan Ikastola udal eskola publikoko eta Elizondoko Eskola publikoko ikasleak elkartu eta Elizondoko karriketan barrena kantu jira bat eginen dute.

Elizondoko Lanbide Eskolan, berriz, eguerdi aldera txistorrada bat eginen dute eta gero bi taldetan banatuko dira ikasleak, batzuk Biziprest, Euskaraldiaren baitan, euskararekin izandako bizipenak biltzen dituen dokumentala ikusiko dute, bertze taldeak euskararen ginkana egin bidenabar. Gero alderantziz eginen dute.

Arratsaldean, Iruritako gizarte bilgunean, 19.00etan bertso emanaldi berezi batekin gozatzeko aukera izanen da. AmaHIKA entzuteko izenekoa. Hitanoaren inguruko bertso emanaldia eginen dute. Julio Soto eta Oihana Iguaran ariko dira kantuan, Amaia Agirre gai jartzaile dutela. Azken hamarkadetan Euskal Herrian oro har eta Baztanen ere, hitanoaren erabilera jaitsi da, eta horren harira, Baztanen azken urteetan hitano ikastaroak egin izan dira. Bertso saio hau ere bide beretik antolatu dute.

Larunbatean, Euskararen Nazioarteko Egunean ere hitzordu gehiago finkatu dituzte. Hasiera batean goizeko 11.00etan euskararen aldeko krosa egin behar zen, haur zein helduendako, baina azken orduan alde batera uztea erabaki da.

Bertzalde, Elizondoko Foruen Plazan Korrikaren materiala salgai jarriko dute.

Arratsaldean bertze bi hitzordu izanen dira. Batetik, Arizkungo frontoian Tuku-keta lehiaketa erraldoia antolatu dute. 15.30ean hasiko da. Tuku-keta, 2007an egindako mahai joko bat da. Fermintxo Gartxitorena eta Arantxa Zelaiak ondu zuten, Baztango geografia, historia, kultura eta kirolaren gaineko 500 galdera dituelarik.

Iruritan, aldiz, Iruritako dantzariak izeneko dokumentalaren proiekzioa eskainiko da. Dantzarien inguruan etnografiaren inguruan, kultura eta hizkuntzari lotutako dokumentala da eta 19.00etan ikusteko aukera izanen da Gizarte Bilgunean.

Nahiz eta abenduaren 3a igaro, aitzinera begira ere bertze ekitaldi batzuk ere eginen dituzte Baztango bertze hainbat herritan. Abenduaren 7an, asteartearekin, Erratzuko eskolan ipuin kontaketa izanen dute eta ipuinak oinarri hartuta marrazkiak egin eta euskararen aldeko idatziak eginen dituzte eskolako atean paratzeko. Goiza borobiltzeko, euskarazko film baten emanaldia izanen da, krispeta eta guzti.

Egitarau borobiltzeko, abenduaren 10ean, asteazkenarekin, Iruritako gizarte bilgunean. 18.00etan, Alpistegia haurrendako bertso-antzerkia eskainiko da. Alaia Martin bertsolariak idatzitako gidoiarekin. Eneko Arrate eta Aissa Intxausti ariko dira aktore lanetan Amancay Gaztañagaren zuzendaritzapean. Saio berria da, berriki estreinatutakoa eta Nafarroa mailan izanen den lehenbiziko emanaldia.

Ekitaldiez gain, Euskaraz bizi nahi dut leloa erabiliz, globo, banderola edota kartulinekin etxe, balkoi, karrika, auzo edota herriak apaintzeko deia luzatu dute eta behin apaindutakoan, argazki bat atera eta #Baztaneuskaraz traolarekin sare sozialetara igotzera animatu nahi izan dituzte baztandarrak.

JATORRIA Euskararen Nazioarteko Eguna ez da ausaz abenduaren 3an ospatzen, Nafarroaren eguna bezala. Biek ala biek lotura dute, gainera. Izan ere, 1552ako abenduaren 3an hil zen ama azpilkuetarra zuen Jesusen Lagundiko kidea. Shangchuan uhartean hi zen, jaioterritik urrun, biriketako gaitz batek jota. Kondairak dioenez, hil aitzineko azken hitzak bere ama hizkuntzan esan zituen, euskaraz.

Data aintzat hartuta, 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak Euskararen Eguna antolatu zuen lehenbiziko aldiz. Gerora, 1995an, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak elkar hartu eta Euskararen Nazioarteko Eguna instituzionalizatu zuten.