Ilbeltza ailegatu da, eta urtero bezala, euskarazko nobela beltzaren zaletuak (H)ilbeltzaren esperoan daude, hau da, Baztanen egiten den Euskal Noblea Beltzaren Astearen esperoan Aurten, gainera, literatura beltzaren gosea are handiagoa dela erran daiteke, izan ere, pasa den urtean ezin izan zen ohiko hitzordurik egin, ez bederen, orain arte egin ohi zen gisan.

Iaz, pandemiaren eraginez, ezin izan zen Euskal Noblea Beltzaren Astea, (H)ilbeltza betiko eran ospatu. Urtero ilbeltzean ospatzen da eta aste batean, euskal nobela beltza oinarri hartuta ekitaldi ugari antolatzen ditu (H)ilbeltza elkarteak, baina 2021ean ekitaldiak aste batean kontzentratu beharrean, hilabetez hilabeteko hitzorduak finkatu zituen.

Aurten, dena den, ohiko formatura itzuliko da eta ilbeltzaren 24tik 30era ospatuko da Euskal Nobela Beltzaren Astea, (H)ilbeltza.

Baztanen burutzen den (H)ilbeltzak, honenbertzez, VIII. Edizioa beteko du aurten, eta ohiko gisan, egitarau zabala antolatu dute. Aste batean zehar euskal sortzaileak nobela beltzarekin lotuak dauden adierazpen kultural desberdinen eskainiko dituzte.

Ilbeltzaren 24an, astelehenarekin, izanen da lehenbiziko ekitaldia. Idazleekin solasean ekimenaren baitan IV. (H)ilbeltza bekaren irabazlea den Koldo Bigurirekin Agur, maitea, ikusi arte lanari buruz solasteko aukera izanen da. 19.30ean Arizkungo medikuaren etxean. Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao nobela beltzaren itzulpena da aipaturikoa.

Ilbeltzaren 26an, asteazkenean, Beñat Hach Embarek-ek Euskal Gaizkileak izenburua duen solasaldia emanen du 19.00etan, Anizko elkartean.

Bi egun geroago, ortziralean, bertze solasaldi bat izanen da, Marga Andurain abenturaren gurpilean klasikoari buruz, Ainize Madariagaren eskutik. Hitzordua 19.00etan Elizondon Arizkunenea kultur etxean.

Asteburuan, berriz, ekimen andana bat izanen da. Larunbatean, ilbeltzaren 29an, 11.00etan Arizkunenean, Beltzak argitara. Hondar ahoak (H)ilbeltzan mahai-inguruan parte hartuko dute Marian Fernandez ekoizleak eta Koldo Almandoz zinema zuzendariak.

Gero, 14.00etan bazkaria izanen da Erratzuko elkartean, eta bazkal ondoren, Itxaro Bordaren Euri zitalari esker liburuaren aurkezpena eginen da, Ane Gartzia gidari dela.

Ilunabarrean, aldiz, jostetarako tartea izanen da, Susmagarrien gauarekin.

Astea borobiltzeko, igandean, ohikoa den bezala, Itzuli beltza eginen dute 11.00etan Iruritako plazatik abiatuta. Aurtengo itzuliaren gaia Lubakietako oroiminak izanen da.

Azkenik, 19.00etan Arizkunenean, Frankestein agurgarria emanaldia eskainiko dute Pettik eta Ana Galarragak.

(H)ILBELTZA BEKA Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartea eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratu du aurten ere. Lehiaketaren helburua txandaka sormen eta itzulpen lanak saritzea da, eta aurtengoan itzulpena sarituko dute.

Fred Vargas idazlearen Debouts les morts liburuaren itzulpena proposatu dute aurten eta parte hartu nahi duenak eleberriaren lagin bat itzuli beharko du.

Laginak 2022ko martxoaren 25a baino lehen aurkeztu beharko dira Baztango Udaleko erregistroan, eta maiatzaren 6an jakinen da bekaren irabazlearen izena. Beka 6.000 eurokoa izanen da, eta bi zatitan emanen da.

Epaimahaiko kideak hauek izanen dira: Baztango Udalaren ordezkaria, Joseba Otondo; Txalaparta argitaletxearen ordezkaria, Garazi Arrula Ruiz; eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa, Koldo Biguri. Aurkeztutako laginean itzulpenaren kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira, baita sorburu hizkuntzatik zuzenean itzultzea ere.

ORAIN ARTEKO BEKAK Aurtengoa VI. deialdia du (H)ilbeltza bekak. 2017an eman zuten lehen aldiz beka bat euskarazko eleberri beltz bat argitaratzeko, zehazki Miel Anjel Elustondori, eta Kezko bola batek itoak birikak liburua idatzi zuen. Ondoren etorri dira 2018an Josu Barambonesen Lardaska eleberriaren itzulpena (originala Patricia Highsmithen-a da), 2019an Miren Gorrotxategiren Sotoan gordeak, 2020an Koldo Biguriren Agur, maitea, ikusi arte (Massimo Carlottok idatzitakoaren itzulpena), zeina berriki argitaratu den. Azkenik, iaz Eneko Barberenaren Xukuneatik aldendu ahala izan zen irabazlea, eta urte bukaeran argitaratuko dute liburua.

Bekaren lehenbiziko zatia (3.000 euro) jaso ondotik, onuradunak urtebeteko epea du lagin irabazleari segika, liburua osatzeko, eta behin hau bukatuta, epaimahaiak oniritzia ematen duenean, bekaren bigarren zatia jasotzen du (gainerako 3.000 euroak), Txalaparta argitaletxeak liburua argitaratzen du, eta Euskal Nobela Beltzaren Astearen hurrengo edizioan aurkezpen publikoa egiten da.