"Urteroko gazte independentisten topalekua da udaberriko ekimena", eta aurten ere hala izatea espero dute Ernaiko kideek. Bi urteko geldialdiaren ondotik, "Euskal Herriko gazteria independentistak berriz topo egiteko unea" dela uste dute. Covid19aren ondorioz bertan behera gelditu zen 2020ko "bidEHbat" gazte martxa eta 2021eko apirilean zehar eredua birpentsatu eta "EH! Ez gaude inoren zain" lelopean hainbat kontzertu antolatu zituen gazte antolakundeak Hego Euskal Herrian zehar.

Asteazken honetan Elizondon egindako agerraldian azaldu zutenez, aurten ekimena ohiko moduan aitzinera eramatea da gazte antolakundearen asmoa. Horretarako, gazte martxa eta musika jaialdia uztartuko dituen formatuan pentsatu dute. Baztanen elkartuko dira apirilean, "BostEHun eta zutik!" lelopean. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinua eginez, "zutik dagoen herria eta zutik dagoen gazteria badela" aldarrikatuko dute. Efemeridea aitzaki hartuta, aitzinera begira jarri nahi du antolakundeak, "Euskal Errepublika sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko gazteriaren grina eta bultzada" irudikatu nahi dute ekimenean, "bertze Euskal Herri bat posible delako, feminista, justua, ekologista...,eta gazteok eguneroko lanean ari garelako bide hori eraikitzen, herriz herri, auzoz auzo, gazte asanbladetan, neska* gazte taldeetan, ikasgeletan, bertso eskoletan, osasungintzaren aldeko plataformetan...".

Apirilaren 14an Zugarramurditik abiatuko da gazte martxa eta Erratzun eginen dute geldialdia. Hurrengo egunean Erratzutik Elizondora joanen dira eta bertan, ortzirale eta larunbaterako egitarau politiko eta musikala prestatu dute. Hitzaldiek, tailerrek eta aisialdi ekimen desberdinek osatuko dute egitaraua. Apirilaren 17an, Aberri Egunean, amaituko da egitasmoa.

Ortzirale eta larunbatean musikak hartuko du protagonismoa. Asteazkeneko agerraldian hainbat talderen izenak aitzinatu zituzten: Xiberoots, Herdoil, Perlata, Iheskide eta Tribade taldeak. Hauekin batera bertze hainbatek partekatuko dute oholtza Elizondon, horien berri hemendik aste batzuetara iragarriko dute, sarrerak salgai jartzearekin batera.